Milaka pertsona bildu ziren larunbatean Baionan

Baionan milaka pertson bizi-kostuaren garestitzearen aurka eta justizia sozialaren alde egin zuten protesta; istiluek atxiloketak eta zaurituak eragin zituzten. Nuñezen dimisioa ez du onartu Macronek eta auzapezek indarkeriak salatuko dituzte gaur.

Milaka pertsona bildu ziren larunbatean Baionan
Larunbatan, herriko puntu ezberdinetatik abiatuz, A63 autobidea blokeatu zuten tarte batez. ELENA CLERC
Erredakzioa
2026/10/19 09:59

Milaka pertsona bildu ziren larunbatean Baionan, bizitzaren garestitzearen kontra eta justizia sozialaren alde antolatu mobilizazioan. Deitzaileetan ziren Jaka Horiak, sindikalistak, eta mugimendu politikoetako militanteak, ikasleak, baita askotariko herritarrak ere. 

Herriko puntu ezberdinetatik abiatuz, A63 autobidea blokeatu zuten tarte batez. Istiluak izan ziren arratsean suprefetura aitzinean. Simon Fétet prefetak jakinarazi du 9 pertsona atxilotu dituztela eta 12 polizia arinki zaurituak izan direla. Jakin, Frantzia mailan 2.000 pertsona atxilotu zituztela larunbatean, horietatik 855 Parisen.

Emmanuel Macronen hitzartzea

Gertakarien ondotik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ezohiko agerraldia egin zuen atzo. Ezker muturreko taldeei leporatu dizkie istiluak, gaizkile batzuekin dendak arpilatu eta eraikin publikoak suntsitu dituztela salatuz. Zorroztasuna adierazi du istiluak eragin dituztenen kontra, beharrez elkarretaratzeak debekatuz, eta ikasleekin bilduko dela ere iragarri du.

Laurent Nuñez Frantziako barne ministroak goiz honetan adierazi du dimisioa aurkeztu duela. Aurreikuspen eskasa izan duela erran du, manifestariei aurre egiteko behar zen polizia kopuruei begira. Emmanuel Macronek ez du onartu aldiz Nuñezen dimisioa.

Larunbateko mobilizazioei loturik ere, hainbat herritako auzapezek elkarretaratze batera deitu dute eguerdi honetan, herriko etxeen aitzinean, asteburuan izan diren istiluak eta “instituzio demokratikoek” pairatu dituzten kalteak salatzeko. Baionako CCI merkataritza eta industria ganbarak elkartasuna adierazi die kaltetuak izan diren merkatariei, baita Bordeleko CCIari ere, egoitza kaltetua izan baita. 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu