Bardozeko final erdiko emaitzen zain, Xilabako finala argitzen hasia da.
551,5 punturekin, Miren Artetxe Sarasola hendaiarrak irabazi zuen larunbatean Baigorrin Xilabaren lehen finalerdia. Bere gibeletik, Maddalen Arzallus Antia herrikideak, 535,5 puntu lortu zituen. Ondotik sailkatu ziren Elixabet Etxandi Goihenetxe (518.5), Haira Aizpurua Ibargarai (511), Mizel Mateo Sallaberry (501,5) eta Nahia Sasco Etxeberri (452).
Hala, azken aitzineko saioa du ortzi-mugan orain Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko bertso txapelketak. Bardozeko ezker-paretan bilduko dira heldu den larunbatean, 17:00etatik landa. Oholtzan, Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Karlos Aizpurua Etxarte, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Patxi Iriart Hiribarren eta Ramuntxo Christy Biscay ariko dira.
Sartzeak sarean salgai dira, baita urtarrilaren 30eko finalekoak ere. Urtarrilaren 30ean, 17:00etan bururatuko da Xilaba, Donibane Lohizuneko Jai Alain.