Baiona (Lapurdi)

Monbarreko biktimen memoria bizirik belaunaldiz belaunaldi

Monbar Hoteleko lau biktimen memoria bizirik mantentzeko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko omenaldi hunkigarria egin da Baionan.

Monbarreko biktimen memoria bizirik belaunaldiz belaunaldi
Ehunka pertsona hurbildu dira lau biktimen omentzeko.
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/27 07:00

1985eko irailaren 25ean, duela 40 urte, Baiona Ttipiko Monbar ostatuan, lau euskal iheslari hil zituen GAL taldeak. Data ilun horren karietara, omenezko lore eskaintza egin zuten atzo, ekitaldi hunkigarri baten bidez. Inaxio Asteasuinzarra, Sabin Etxaide, Agustin Irazustabarrena eta Jose Mari Etxaniz omendu zituzten.

Ekitaldia musikaz girotu zen: biloniña eta gitarra doinuak tarteko, oroimenari eta elkartasunari tokia egin zitzaien. Behin eta berriz entzun ziren Egia, Justizia eta Erreparazioa hitzak, eta aldi berean transmisioaren garrantzia azpimarratu zuten parte-hartzaile guztiek. Omenaldian bertaratu ziren biktimen senideak, baita belaunaldi guztietako herritarrak ere: garai hura bizi izan zutenak eta gazteagoak, lekukoa jasotzeko prest.

Bisita gidatua memoria lantzeko

Arratsalde bukaeran bisita historiko gidatua egin zen, Jakes Bortairu eta Dominika Daguerre militante ohiek eskainia. Oren eta erdiko ibilbidean, GALek hiru urteko tartean buruturiko 27 erailketak azaldu zituzten, emozioz eta gertutik. Bortairuk, garaian gertakari horiek biziki hurbiletik bizi izan zituenak, bisita horien beharraz mintzatu zen, memoria kolektiboa lantzeko ezinbesteko gisa ulertuta. Gazte ugariren presentzia bereziki nabarmendu zen.
Oraindik gauza asko argitzeko

Jakes Bortairuk eta beste askok adierazi bezala, oraindik gauza asko argitu gabe daude. Horren harira, Peio Dufau diputatuak azaldu du Parisen lan bat eramango dutela aurrera Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek. Horrez gain, proposamen zehatzak plazaratu dira: Baionako hainbat lekutan oroitarriak ezartzea, memoria bizirik mantentzeko. Gaur egun, 25 erailketatik bakarrak du oroitarri fisiko bat.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu