Gizonen osasun kanpainaren karietara, bi hitzordu antolatuak dira Angelun: Azaroaren 5ean, Café Quintaoun, gizonen osasunari buruzko solasaldia egingo dute, azaroaren 15eko lasterketaren atarian.
Movember kanpainak gizonen osasunaz taburik gabe hitz egiteko aukera ematen du. Frantzian, urtero, 245.000 minbizi-kasu baino gehiago diagnostikatzen dira gizonengan; horietatik laurdenak prostatako edo barrabiletako minbiziak dira.
Barrabiletako minbizia gizon gazteengan agertzen da gehienbat, 18 eta 35 urte bitartean, Sophie Bourlier Goxa Leku Ipar Euskal Herriko minbiziaren laguntza etxeko zuzendariak azaldu duenez. «Garrantzitsua da norberaren gorputza ezagutzea. Barrabilak norberak azter ditzake, eskuekin ukituz. Aldaketarik nabarituz gero —tamaina aldatzea, lehen ez zegoen koskor bat agertzea edo mina izatea—, medikuarengana joateko arrazoia izan daiteke». Prostatako minbizia, aldiz, gizon helduagoengan agertzen da batez ere. «50 urtetik aurrera, komeni da osasuna gertutik zaintzea. Medikuarekin hitz egin daiteke, eta hark odol-analisia egitea proposa dezake», dio Bourlierrek.
Angelun, bi hitzordu antolatu dituzte. Azaroaren 5ean, Café Quintaoun, gizonen osasunari buruzko solasaldia egingo dute, eta hamar minutuko Paroles d’homme dokumental laburra ere emanen dute. Goxa Lekuko hainbat kidek beren bizipenak kontatuko dituzte, eta hitz egiteak, laguntza jasotzeak eta ingurukoen, zaintzaile baten edo elkarte baten babesa izateak duen garrantzia azalduko dute. Azaroaren 15ean, lasterketa solidarioa eta osasun-herrixka egingo dituzte. Bildutako dirua Minbiziaren Ligari eta Goxa Leku etxeari emanen diete.