Munduko Pilota Txapelgoa: Espainiako selekzioa lehen, Argentina bigarren eta Euskadi hirugarren

Zazpi urrezko medaila lortu ditu Espainiak, bost urrezko Argentinak eta Euskadik lau urrezko. Laugarren bukatu du Mexikok urrezko laurekin. Frantziako selekzioak bilan txarra du bi urrezko medaila eskuraturik bakarrik.

Munduko Pilota Txapelgoa: Espainiako selekzioa lehen, Argentina bigarren eta Euskadi hirugarren
Eskuz binakako podiuma Buenos Aireseko trinketean. LAURENT DE ELIZONDO
Kriztof Arotzarena
2026/10/25 02:51

Pala motzeko finala larunbatean galdurik eskapatu zaio bigarren lekua Euskadiri


Alta Gaubeka eta Ibañezek lehen mantxa nagusitasunez eskuratu zuten Espainiaren alde ari ziren Baeza eta Insaustiren kontra. Gainera Baeza kolpatu da eta beste gibeleko bat eman dute aitzinean. Bigarren mantxa bukaeran akitzen hasi dira Euskadikoak. Eta hirugarrenean gehiago izan dira Espainiako selekzioko pilotariak. Pilota egokituan, trinketean finala irabazi bazuen Euskadik Frantziaren kontra, ezkerparetan errebantxa hartu diote Frantziako Orléans eta Grasseko pilotariek. Frontballean, goi mailako partida izan bada ere, El Niño Abraham mexikarrak ez dio aukerarik utzi Julen Alberdiri.


Joxe Mari Mitxelena EEPF Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea:


Azken hiru finalak irabazirik laugarren lekutik bigarrenera igan da Argentina


Laugarren zen herrialde antolatzailea larunbat goizean, azken eguna abiatu aitzin. Baina lerroz lerro nagusitu da paleta larruzko finalean 36 metroko ezkerparetan. Trinketean, paleta goma hutsean, argentinar emazteek Espainiaren alde ari zirenak menderatu dituzte lehenik eta gizonek ez diete aukerarik utzi Frantziarentzat ari ziren Darribat aheztarra eta Pucheux biarnesari. Bègles herriko Senderrek Pucheux ordezkatu du baina argentinarrak jaun eta jabe gelditu dira haien trinketean.


Frantziako selekzioarentzat bilan okerrena

Trinketean, eskuz binaka eta xareko finalak irabazi zituen duela lau urte Ipar Euskal Herrian Frantziako selekzioak eta espero zuen tituluak atxikitzea Buenos Airesen. Baina eskuz, Espinal eta Sanchez nafarrek Larralde eta Iphar (bigarren mantxan Ducassou) jo zituzten Munduko txapeldun bilakatzeko ostiralean. Xarean, multzoan nagusitu ondotik, bortxatu gabe eraman zuten finala Espainiaren alde ari ziren Lopetegi gipuzkoarrak eta Moncadak Frantziarentzat lehiatu ziren lapurtarren kontra. Zesta-punta binaka ere emaitza hobe baten lortzeko xedea zuten Frantziako selekzioko puntistek eta brontzezkoa lortu zuten bakarrik Coloniako 54 metroko ezkerparetan (Uruguai).


Zer bilan egiten duen galdegin diogu Lilou Etxeberria FFPB Frantziako federazioko lehendakariari:


Larunbateko finalen emaitzak


Frontball


Emazteak

  • Mexiko: 2 / Espainia: 1


Frontball - gizonak

  • Mexiko: 2 / Euskadi: 0


36 metroko ezkerparetan

Pilota egokituan

  • Frantzia: 2 / Euskadi: 0


Pala motza

  • Espainia: 2 / Euskadi: 1


Paleta larruz

  • Argentina: 2 / Espainia: 0


Trinketa - Paleta goma hutsa

Emazteak

  • Argentina: 2 / Espainia: 1


Gizonak

  • Argentina: 2 / Frantzia: 0


EEPF Euskadiko Euskal Pilota Federazioak argitaratu taula:







Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu