Atherbea elkarteak eta lurraldeko erakundeek koordinatuta abiatu da plana. Bi erronka dituzte elkarteek: Lekuen eskasia eta laguntzaile beharra zerbitzuak segurtatzeko.
Negua iristearekin batera, aktibatu da Ipar Euskal Herriko neguko hotz plana. Aurten 84 aterpe leku eskainiko dira Angluko Manuit gunean, Baionako Ene Tokian, Biarritzeko zaldi zentroan eta Hendaian, azken hau Herriko Etxeko CCASak kudeatuta.
Manuit da dispositiboaren ardatza: urte osoan irekita dago eta 40 leku eskaintzen ditu, horietatik 14 emakumeentzat. Ene Tokik 20 lekuko edukiera du, gehienak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituta, eta Biarritzek 12 leku proposatzen ditu, bikote bati aterpea emateko aukera barne.
Aterpeek gaua pasatzeko leku segurua, gosaria edo kolazioa eta higiene instalazioak bermatzen dituzte. Horri gehitzen zaio tokiko sare solidarioaren ekarpena: Table du Soir, Un Soir Un Repas, On Egin eta BAB Solidaire bezalako elkarteek egunero banatzen dituzte afari beroak eta laguntza materiala.
Gurutze Gorriak, gainera, maraude-ak antolatzen ditu, hau da, auzoetan itzuliak egiten ditu karrikan diren pertsonak bildu eta aterpeetara eramateko. Neguko planaren aktibazioarekin, «astean bost egunetan ateratzen gara: astearte, asteazken, ostiral, larunbat eta igande arratsaldeetan», azaldu dute Evelyne Duchange elkarteko kideek. Bi kamioirekin ibiltzen dira Baionan eta Biarritzen, eta zopa beroa, ura, kafea eta mantak banatzen dituzte.
Erronka nagusiak: leku eta langile eskasia
Hala ere, egoera ez da erraza. Atherbeako bulegoko kide Daniel Harotzareneren arabera, neguak ekartzen duen eskaera handituari erantzuteko baliabideak mugatuak dira: «Jendea aterpetzeko lekua falta dugu».
Gurutze Gorriak ere terrenoan nabaritzen du egoera hori. Evelyne Duchangeren arabera, «karrikan bizi diren pertsonen kopurua apur bat handitu da, gutxi gorabehera %10 inguru», baina aterpe lekuen kopurua «berdin mantendu da». Horrek esan nahi du negu gorrian ere pertsona batzuk leku gabe geratzen direla.
Profil aldaketa eta beharrak handituta
Azken urteetan, Ipar Euskal Herriko pertsona prekarioen profila aldatu da Duchangeren arabera: «Gero eta gazte gehiago etortzen dira, gutxi gorabehera 30 urte ingurukoak: istripuak izan dituztenak, lana galdu dutenak, etxebizitza galdu dutenak edo bikotekidearekin banandu direnak». Gainera, egoera ekonomiko zailak ere eragina du: erretretadunek edo lan kontratuarekin aritzen diren pertsonak ere badaude, baina «auto batean edo banku batean lo egiten dutenak», eta horrek lanera joatea zailtzen die biharamunean.
Evelyne Duchangek ohartarazi duenez, negu honetarako boluntarioak eta jantzi beroak eskas dituzte, eta sare solidarioaren ekarpena inoiz baino beharrezkoagoa da.