Zinemaldiko pantailak historiako euskaldunenak izanen dira aurtengo irailaren 19tik 27ra, euskarazko 27 filma eta 38 euskal ekoizpenekin. Euskal zinegileen hiru belaunaldien topagunea ere izanen da Donostia.
Euskal zinemaren hiru belaunaldien topaketa irudikatuko du aurtengo Donostiako Zinemaldiak. Klasikoak sailean 80. Hamarkadako euskarazko lau filma ikusten ahalko dira: Ehun Metro, Hamaseigarrenean Aidanez, Oraingoz izen gabe eta Zergatik Panpox.
Sail Ofizialean, Asier Altunaren Karmele, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas eta Koldo Almandozen Zeru Ahoak leihatuko dira. Eta Zuzendari Berrien sailean edo Zinemiran Irati Gorostidi eta Sara Fantovaren lehen film luzeak hedatuko dituzte, bertzeak bertze. Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Nest, Culinary Cinema, Made in Spain eta Haurrentzako Zinema sailean ere izanen dira euskal ekoizpenak, hots, Zinemaldiko sail gehienetan.
Asier Altuna eta Telmo Esnalen ibilbidea omendua
Aupa Etxebeste! filma pantailetara iritsi zenetik hogei urte betetzen diren urtean, Zinemira saria emanen diete Altuna eta Esnal zuzendariei. EPE/IBAIA euskal zine ekoizleen elkarteak banatzen duen sariak bi zinegileen ibilbidea sarituko du, fikzioa eta ez-fikzioa uztartuz euskal zineak egun bizi duen egoerara iristeko ezinbertzekoak izan baitira bi zuzendariak.
Donostia Saria berriz Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrak jasoko du aurten, Hunger Games, X-men edo Silver Linings Playbook telesail eta filmetan aritzeagatik ezaguna denak.
Sarrerak, irailaren 14tik landa
Azken urteetan bezala, modu eskalatuan jarriko ditu Zinemaldiak proiekzioetarako sarrerak salgai: irailaren 14an jaialdiko lehen hiru egunetarako sarrerak salduko dituzte, irailaren 15ean hurrengo hiru egunetakoak gehituko dira, eta irailaren 16rako, sarrera guztiak izanen dira eskuragarri. Donostiako Zinemaldiaren webgunean erosten ahalko dira.
Urtero bezala, irailaren 19tik 27ra Zinemaldiaren jarraipen berezia eginen dute Euskal Irratiek, euskal zinegile eta aktoreekin elkarrizketak eta estreinaldien berri emanez. Aurten, euskalirratiak.eus webgune berrituan ere jarraitzen ahalko da Zinemaldia.