Nils ekaitza hondamendi natural gisa izendatzeko eta baratzezainak laguntzeko galdegin du ELBk

Otsailaren 11tik 12rako gaueko haize ufada bortitzek Ipar Euskal Herriko etxaldeetako azpiegitura andeatu dutela-eta, estatuari esku hartzeko eskatu dio laborantza sindikatuak. Kalteak neurtzen eta frogak biltzen ari da ELB.

Nils ekaitza hondamendi natural gisa izendatzeko eta baratzezainak laguntzeko galdegin du ELBk
Udaberriaren atarian, Ipar Euskal Herriko etxaldeetako azpiegiturak kaltetuak dira. ELB
Aimar Lopez Erasun
2026/02/13 10:01

"Botere publikoen larrialdi erantzun bat beharrezkoa da, elikadura burujabetza baita jokoan": ELB sindikatuak Ipar Euskal Herriko baratzezainek Nils tenpestaren ondotik bizi duten egoera prekarioa azaldu zuen barda ohar bidez. Negutegi osoak hegaka atera ziren etxalde batzuetan, bertze anitzetan plastikozko estalkiak ordezkatu behar dituzte, eta hesiturak ere kaltetuak dira han-hemen.

Hori dela-eta, frantses gobernuari otsailaren 11tik 12rako gaueko ekaitza hondamendi natural gisa izendatzeko galdegin du sindikatuak, izendapen hori gabe kostata lortuko baitituzte baratzezain kaltetuek beharrezko diru ordainak. Etxaldeen galera ekonomikoak ahalik eta gehien mugatzeko, beharrezkoak diren protokoloak berehala aplikatzeko galdegin diote estatuari ez ezik, eskualdeari, departamenduari baita MSA Laborantza Mutualitate Sozialari ere.

Udaberriaren atarian, eta beraz barazkiak ereiteko garaia ate joka dela, negutegiak kaltetuak izateak egoera delikatuan uzten ditu baratzezainak. Hala, ELB Ipar Euskal Herriko etxaldeetako kalteak neurtzen hasi da, eta kaltetutako laborariei argazkiak eta galera ekonomikoen estimazioa igortzeko galdegin diete, ondotik DDTM Lurraldeen eta Itsasoaren Departamenduko Zuzendaritzarekin behar bezala negoziatu ahal izateko.

Interesgarri izanen zaizu