'Nor naizen baneki' antzezlana Luhuson estreinatuko da gaur

Sarrera guziak agortuak, Luhusoko Harri Xuri gela bete batean taularatuko da Artedrama eta Axuten lan berria. Zaldi Urdina eta Hondamendia lan arrakastatsuen ondotik heldu da elkarlanean burututako seigarren lan hau.

'Nor naizen baneki' antzezlana Luhuson estreinatuko da gaur
Nor naizen baneki antzezlana - AINHOA RESANO
Maia Muruaga
2025/10/17 08:57

Barne indusketarako gonbita egiten duen Nor naizen baneki antzezlanak, antzoki baten indusketa arkeologiko bat du ardatz, geruzaz geruza Euskal Herriko garai ezberdinak agerrarazten dituelarik. Euskal Herriaren 2000 urteotako historia, garai ezberdinetan gurutzatzen diren bi familien istorioak kontatuz harilkatu dute; Familia, populuaren eta herriaren metafora gisa.

Oier Zuñiga aktorearen erranetan "antzezlana oso ausarta da testuan, jokoan eta argiztapenean ere. Ikusiko ditugu garai ezberdinetara bidaiatzen lagunduko dizkiguten argi sortak, laser izpiekin sortuko baitira ikuskizunean espazio ezberdinak eta Erromatik gaur egun arte bisitatuko ditugun garai ezberdinak".

Idoia Tapia aktoreak gaineratu duenez "antzezlan honetan soinuak eta kantuak ere garrantzi handia dute, kantuak lana borobiltzen baitu". Ximun Fuchsek eta Harkaitz Canok idatzi dute antzezlana eta Ximun Fuchsen zuzendaritzapean ari diren aktoreak Aline Etxeberri, Garoa Bugallo, Idoia Tapia, Maialen Diaz, Manex Fuchs, Oier Zuñiga eta Ramon Agirre dira.

Ondoko hitzorduak :

  • Urriaren 23, 24, 25 eta 26an Donostian

  • Azaroaren 1ean Azpeitian

  • Azaroaren 5 eta 6an Bilbon

  • Azaroaren 8an Barakaldon

  • Azaroaren 13 eta 14an 20:00etan Baionako Michel Portal antzokian

  • Azaroaren 20an Gasteizen

    Azken Harituz, azkenetan

    Harituz ekimenaren azken hitzorduetan ere, larunbat honetan 18:00tan "Nola lantzen da euskal sorkuntza komunikazioan?" solasaldia iraganen da Gotzon Barandiaran, Axut, Idurre Eskisabel, Eneko Gorri eta Amagoia Gurrutxagarekin. Larunbatean ere, Luhusoko Harri Xuri gelan 20:30ean Galiziako Chevere taldeak Helen Keller antzezlana eskainiko du.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu