Betharram: bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa zabalik

Sexu eta indarkeria kasuak argitzeko, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek dei publikoa egin diete bortizkeria pairatu dutenei, ikasle ohiei eta informazioa duten pertsonei. Urriaren 17ra arte dute testigantza emateko aukera.

Betharram: bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa zabalik
Otsailan, Betharrameko kongregazioak iragarri zuen ikerketa independentea martxan jarriko zuela. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/06/23 12:01

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute. Deialdia zuzentzen zaie biktimei, ikasle ohiei eta gaiaren inguruko informazioa duten herritar guztiei.

Otsailaren bukaeran, Betharrameko kongregazioak jakinarazi zuen ikerketa independentea martxan jarriko zuela. Orain, komisiorako testigantzak jasotzeko online plataforma bat ireki dute.

Testigantza emateko, hiru aukera eskaintzen dira, anonimotasun eta konfidentzialtasun mailaren arabera:
– Anonimotasun osoz,
– Izena jakinarazita baina testigantza anonimizatuz,
– Identitatea publiko eginez.

Batzordeak bilduko dituen lekukotasunak artxiboekin konparatuko ditu, eta irailetik goiti lekukoak entzunak izan daitezke. Ikerketa aitzina eramango dute batzordeko hamar kideek, haien artean zuzenbide, osasun eta gizarte arloko profesionalak.

Deialdi hau Ipar Euskal Herrira ere zabaltzen da. Biktimek urriaren 17ra arte dute beren lekukotasuna helarazteko aukera.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu