Oiassoko termak ireki dituzte, arrakasta handiz

Oiassoko terma erromatarrak berriz ireki dituzte Irunen. Beiraz estalitako eraikin berrian kokatua, aztarnategiak teknologia berriak eta bisita gidatuak eskaintzen ditu, Oiasso hiri erromatarra herritarrei gerturatzeko.

Oiassoko termak ireki dituzte, arrakasta handiz
1.700 pertsonatik gora hurbildu dira terma erromatarren irekitzean. ©IRUNGO UDALA
Esteban Bastié Aguerre
2025/04/14 15:59

Joan den ostiralean inauguratu zuten Irungo Oiasso Museoko termen aztarnategia, eta asteburuan 1.700 bisitari baino gehiago bildu dira hara. Egungo Irungo azpian ezkutatuta dagoen Oiasso hiri erromatarraren bigarren aztarnategia da hau; lehenengoa Xantalen ermitan aurkitutako nekropolia izan zen.

Termak Kristo ondoko lehen mendekoak dira, eta museoaren atzealdean beiraz estalitako eraikin ikusgarri baten bidez egokitu dituzte. Bi milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioa egin dute lanetan, eta “puntako teknologia” erabiltzen duten simulazioen bidez, bisitariek termen funtzionamendua hobeki ulertu ahal izango dute.

Oiasso museoko zuzendari Juanjo Jimenezek nabarmendu duenez, hau da museoak 2006an ireki zenetik egin duen aldaketa handiena. Hemendik aurrera, museoaren eta termen bisita batera egin daiteke sarrera bakar batekin.

Udalak, gainera, ‘Salve, Irun’ izeneko egitasmoa jarri du martxan, ondare erromatarra hiri osoan zabaltzeko asmoz. Bisita gidatuak eskuragarri daude museoaren webgunean.

Antxeta Irratian, elkarrizketa luzeagoa egin diote Juanjo Jimenez Oiasso Museoko zuzendariari; entzungai hemen.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu