Euskal Irratietan izanen da Olentzero bihar, larunbatez, 11:00etatik 13:00era zuzenean, entzuleen deiak erantzuteko prest. Ipar Euskal Herri osoan zehar ibiliko da asteburuan.
Horra, horra, txondorra gibelean utzi eta nor heldu den! Olentzero Irisarrin, Donapaleun, Azkainen, Ahetzen, Izturitzen eta Kanbon izanen da gaur, eta bihar eta etzi ere Ipar Euskal Herriko hamaika bazterretan ibiliko da. Ohikoa denez, Irulegiko Irratiko estudioetan ere geldialdia eginen du, bihar, larunbatez, 11:00etatik 13:00etara. Euskal Irrati guztietan zuzenean izanen da, entzuleen eskaera oro entzuteko prest.
Miarritzera igandean iritsiko da Olentzero, eta egun osoko egitaraua dute prestatua. Renaud Davant Miarritzeko Herriko Etxeko euskara teknikariak On Daiziela emankizunean azaldu duenez, hitzordu garrantzitsua da Olentzeroren etorrera, "euskara eta euskal kultura hirian hedatzen" baitira.
Olentzeroren Ipar Euskal Herriko agerraldi guztiei buruzko xehetasunak EKEren webgunean ikus daitezke.