Oloroeko hiltegia hetsiko dute, seinale txarra inguruko laborarientzat

Beste hainbat tokitan jadanik gertatu bezala, Oloroeko hiltegia hetsiko dute agorrilaren 31n. Kudeaketaren giderrak eskutan zituen Biarno Garaiko Herri Elkargoak finantza mailako kezkak azpimarratzen ditu zerratzea azaltzeko.

Oloroeko hiltegia hetsiko dute, seinale txarra inguruko laborarientzat
Oloroeko hiltegia abuztuaren 31n hetsiko dute. GOOGLE MAPS
Xarlot Etxeberri
2026/07/28 09:38

Beste hainbat hiltegi ttipiren gisan, Oloroeko hiltegia zerratuko da agorrilaren 30ean. Finantza mailako arranguren ondorioz, legezko likidaziora iritsi direla iragarri du egitura kudeatzen duen Biarnoko Herri elkargoak. Azken urte horietan bere aktibitatea azkar ttipitu ondotik, gaur egungo irabaziek ezin dutela funtzionamendua segurtatu diote.

Milioi bat euro. Hau da, urtez urte, gibelatzen entseatu diren ezin gibelatuzkoaren emaitza: milioi bat euroko zorra. Diotenez, azken hogei urteetan "ahaleginak biderkatu" dituzte egitura xutik atxikitzeko, baina ez dago "oreka ekonomikora itzultzeko perspektiba errealistarik". Diru galtze horren gelditzeko, Herri Elkargoak aktibitatea gelditzea erabaki du, hiltegian ari diren hamalau langileak kanpora pusatzean. Baina horiez gain, eskualdeko ehun bat etxalde eta hazlek ere zerratzen horren eraginak pairatuko dituzte.

Zer erranik ez, Oloroeko hiltegia ezinbestekotzat jotzen dute Biarnoko hainbat ekoizlek. Maiz, xerriak eta behiak hazten dituzte eta salmenta zuzenean saltzen dituzte. Baina zirkuitu horren segurtatzeko, kabalak lurraldeko hiltegira igortzearen etapa ezinezkoa da. Hori dela eta, uda bukaeratik goiti hiltegiaren desagertzeak hazle horien lana zalantzan ezarriko du.

Segitzeko, departamenduko beste lau hiltegietariko batera joan beharko dute, Maule Louvie-Soubiron, Lahontan edo Pauera. Departamenduak egoiten baldin badira, kilometroak biderkatuko dituzte. Alta, Julien Lassalle hazle biarnesaren arabera, hiltegira joaiteak antolaketa berezia galdegiten du. Goizeko 5etan edo 6etan atearen aitzinean izan behar dira ekoizleak, hiltegia etxaldetik 5 kilometroetara izan dadin edo 50 kilometroetara. Antolaketa zailtzeaz gain, beste hiltegien betetzeko arriskuarekin ibiltzen dira ere Pirinio Atlantikoetako aktoreak.

Lassalleren arabera, hautu politiko baten ondorioa da erabakia: "Iruditzen zait norma, betebehar eta oztopo anitzen ondorio dela itxiera. Horregatik ez da aski hiltegirik, ezta behar bezain beste inbertsiorik ere. Gainera, enpresa handiek zailtasunetan diren hiltegi ttipiak erosten dituzte, eta denbora gutiren buruan erraten dute normak ez dituztela betetzen, eta zerratzen dituzte".

Confédération Paysanne sindikatuaren ikuspundutik ere, Estatuak bere erantzukizuna dauka erabaki gaitz horretan. Lan tresna horren zerratzeak etxalde frangoren etorkizuna zalantzan ezarriko du, baita herritarren gaitasuna tokiko haragiaren jateko ere. Sindikatuak salatu du horren saihesteko Estatuak bere geriza proposatzen ahal zuela, hiltegia idekia egon dadin Estatuaren gerizapean.

Interesgarri izanen zaizu