Mediapart kaxetaren arabera, Ipar Euskal Herriko bost herriko etxetan bozkatuak izan dira ordezkaritza gastuak 2024an: Bidarten, Liginaga-Astüen, Samatzen, Oragarren eta Sohütan.
Zoin herriko etxeek bozkatu dituzte ordezkaritza gastuak 2024an? Zer da xuxen diru kopuru hori, eta nola baliatzen dute auzapezek? Galdera horien erantzun bat ematen entseatu da Mediapart kaxeta joan den astean.
Ordezkaritza gastuak, arras argi ez den aitzinkondua
Mediaparteko kaxetariek nahi izan dute argitu aski lanbrotsua den dispositibo hori: ordezkaritza gastuak. Jakin behar da lehenik legearen arabera auzapez guziek hunkitzen dutela, duten kargurako, ordainsari bat.
Baina Mediapartek aztertu dituen sos zamak ordainsari horrez gain dituzte hunkitzen auzapezek. Legearen arabera, herriko kontseiluek bozkatzen ahal dute beste diru kopuru bat auzapezarendako: ordezkaritza gastuak. Legearen arabera, arazorik ez horretan, baina azpimarratzekoa da diru zama horren bozkatzea ez dela behartua.
Ordezkaritza gastuak, zoin herrirendako?
Mediapart kaxetak ordezkaritza gastu horiek bozkatzen dituzten herriak zerrendatu ditu: Frantzian gaindi 1 300 herri edo herri elkargo inguruk bozkatu dituzte 2024an. Jakin behar da Frantzian 35 000 herri inguru direla orotara. Baina ordezkaritza gastuak desberdinak dira herri batetik beste batetara: 5€ eta 37 000€ artekoak dira (Parise kondutan hartu gabe).
Mediaparten lanean agertzen dira Iparraldeko bost herri: Bidartek 6 000€-ko diru zama bozkatu zuen 2024an, Liginaga-Astüek 1 000€koa, Samatzek 478€koa eta Oragarrek Eta Sohütak 95€koa.
Ordezkaritza gastuak zerendako?
Hori da pundu eztabaidagarriena: legeak zer dio? Testuek ez dute argiki zehazten gastu horien mugak zoin diren. Lurralde kolektibitateen kodeorokorrean leitzen ahal da: "Herriko kontseiluak bozkatzen ahal du, usaiako aitzinkonduan, auzapezarendako ordainsari bat ordezkaritza gastuendako". Gehiagokorik ez.
Auzapezek ez dute justifikatzerik urte guziz nola baliatu duten bozkatua izan den diru kopurua. Aldiz, justifikapenak atxiki behar dituzte, kontrola baten parean elementuen hornitzeko. Baina preseski Mediapart kaxetak azpimarratzen du gutitan gertatzen direla kontrola horiek.
Horrez gain legea ez denez arras argi, kontrolak gertatzen direnenean eta gehiegikeriak agertzen direnean, auzapezek ez dute usu itzultzen baliatua izan den dirua.
Jakin momentuan galdezkatu dugun auzapez bakarra Emmanuel Alzuri Bidartekoa izan dela. Ez du nahi izan gure galderer erantzun.