Ortzaize ()

Ortzaizek plaza berria du

Joan den larunbat goizean, Ortzaizeko plaza berrian, urteetako lanaren emaitza ospatu zuten: herriko etxearen lekualdatzea Arrosategia etxera, frontoi berriaren eraikuntza eta Zubialde izeneko zubiaren berritze-lanen bukaera.

Ortzaizek plaza berria du
Herriko gazteak aurreskua dantzatzen ari estreinaldian
Xermin Camblong
2026/09/07 15:27

Dozenaka ortzaiztar eta inguruko herritar hurbildu ziren joan den larunbat goizeko plaza berriaren estreinaldira. Goizeko 10etan emana zuten hitzordua, eta, bisitak egin ondoan, Jean-Marc Oçafrain auzapezak egin zuen hitzartzea. Ez zen mikrofonoari heldu zion bakarra, besteak beste, Herri Elkargoko lehendakaria, Alain Iriart eta Iñaki Etxaniz diputatua ere mintzatu zirelako. Obrek zeukaten berezitasuna zela eta, Xabi Jorajuria, lanen arduraduna ere mintzatu zen, eraikuntza-lanen prozesuaren azalpenak emateko.

Hain zuzen, Arrosategiak herriko etxe berria harreratu ahal zezan, hor zegoen etxe zaharrari zaharberritze-lan finak egin behar izan dizkiote, jarraikortasun-izpiritu batean zaharrari berritasuna eman nahian. Frontoia hutsetik eraiki dute, eta honek ere frontoi zaharraren harrizko estiloa atxikitzen du. Azkenik, Zubialdeko zubiak, orain, mota guztietako ibilgailuak jasan ditzake.

Plazaren berrikuntza- eta eraikitze-lanek 1 500 000 eurotik gora kostatu dute. 600 000 euro inguru mailegu bidez lortu dituzte, beste 600 000 euro Estatuko diru-laguntza baten bidez, eta, gaineratekoa herriko etxeak berak hartu du bere gain. Zubiari dagokionez, 450 000 eurotik gora ezarri behar izan dituzte; hor ere, CEREMAren partetik diru-laguntza bat jasoz.

Estreinaldia bukatzeko, Arrosategia etxearen aitzinean ezarritako inaugurazio-harri baten aitzinean aurreskua eman zuten herriko gazte batzuek. Ondotik, herriko etxeak aperitifa eta pilota partida bat antolatu zituen.

Interesgarri izanen zaizu