Palestinako banderak hainbat herriko etxetan agerian eman dira, prefetaren debekuari muzin eginez

Baigorri, Urruna, Maule, Ozaze, Izura, Lexantzü edo Itsasuko herriko etxeetan Palestinako bandera agerian eman dute, palestinar populuari sustengu gisara. Aste hondarrean prefetak Palestinako bandera kendu arazi zuen Maulen

Palestinako banderak hainbat herriko etxetan agerian eman dira, prefetaren debekuari muzin eginez
Ipar Euskal Herriko hamar bat herriko etxetan altxatu dute Palestinako bandera.
Jose Luis Aizpuru
2025/09/22 15:20

Palestinako banderak eman dituzte Ipar Euskal Herriko zenbait herriko etxetako balkoietan. Urruna, Itsasu, Ozaze, Baigorri, Maule edo Izuran ikusgai dira astelehen honetan. Frantziako estatuak Palestinaren ezagutza edo aitortza onartu duenez, hainbat herriko etxeko kontseiluetan, banderaren jartzeko deliberoa hartu dute.

Daniel Oltsomendi Izurako auzapezak dioenez, herriko kontseiluan gehiengoz harturiko erabakia izan da, beraz ofiziala. Prefetarekin ere solastatu da, eta kontseiluaren deliberoaren berri eman dio (Entzun soinua).

Aste hondarrean Louis Labadot Mauleko herriko auzapezak ere bandera altxatzeko erabakia hartu bazuen ere, prefetak kendu arazi zion, Frantziako Barne ministerioko aginduak jarraituz. Astelehen honetan berriro eman du Palestinako bandera Mauleko herriko etxean auzapez komunistak.

Astelehen arrats honetan, 21:00ak inguruan, Nazio Batuen Erakundeko Biltzar nagusian bilkuran mintzatuko da Emmanuel Macron frantses presidentea, eta bere deliberoaren zergatia argituko du.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu