(Hego EH)

Palestinaren aldeko aldarriek Espainiako Vuelta geldiarazi zuten atzo Bilbon

Israel-Premier Tech bizikleta taldea Vueltatik kanporatzea galdetzen dute itzuliaren hastapenetik ehunka lagunek etapa bakoitzean. Atzo, etapa helmuga baina hiru kilometro lehenago bukatu zen, Palestinaren aldeko ehunka manifestariren ondorioz.

Palestinaren aldeko aldarriek Espainiako Vuelta geldiarazi zuten atzo Bilbon
Etapako kilometro orotan izan ziren Palestinar ikurrak atzo, irudian, Bilboko erdigunean. GERNIKA-PALESTINA EKIMENA
Aimar Lopez Erasun
2025/09/04 08:46

Espainiako Vueltako hamaikagarren etapa 2 minutuz gelditu zuten lehen kilometroetan, Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurkako ekintza baten ondorioz. Bilbo hastapen eta helmuga zituen etapak, Bizkaia osoa gurutzatuz, eta Palestinako banderak eta haren aldeko aldarriak etengabeak izan ziren ibilbide osoan zehar.

Mobilizazioa, haatik, ez zen horretan gelditu, lasterketaren helmugan ere agertu baitira Palestinaren aldeko militanteak. Bilbo erdialdeko etorbide nagusian zientoka militante ziren protestan, ibilbidearen bazterretan. Azkenean, txirrindulariak arriskuan ikusi baitzituzten, antolatzaileek erabaki zuten etapa helmuga baino 3 kilometro lehenago bururatzea erabaki zuten, ondorioz, irabazlerik gabe bukatuz norgehiagoka.

Mobilizazioak asteburuan ere

Espainiako Vueltaz harago, biharko Euskal Herriko herri anitzetan Palestinaren aldeko mobilizazioak deitu ditu Gernika-Palestina plataformak eta bertze hainbat eragilek. Lapurdin, Urruñan egin dute mobilizazio zaratatsurako deia, 19:00tan Herriko Etxean abiaturik.

Bertzalde, larunbatean Baionan elkartzeko deia egin du bakearen aldeko kolektibo batek, goizeko 11:00etan Herriko Etxe aitzinean "genozidioa gelditzeko" eta "gosetearen aurka antolatzeko" aldarriarekin.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu