Tuteratik, Ebro ibaitik, abiatu zen duela hamar egun Palestinaren aldeko martxa, eta larunbatean bururatu zen, Hendaian, Kantauri itsasoan. Mila pertsona inguruk egin zuten azken ibilaldia boikotaren aldeko oihuen artean
Mila pertsona inguruk egin dute 'Ibaitik Itsasora, Palestina aurrera' ibilaldiaren azken eguna Hendaian. Goizeko bederatziak pasatxoan Santiagoko muga-zubia iragan dute manifestariek, eta denboraldi batez ere mugako pasabidea hetsi dute, Israelen kontrako oihuen artean.
Ondotik Hendaiako Carrefour saltegira hurbildu dira manifestariak eta hor egin da eguneko lehen hitzartzea. Mirentxu Arbeletxek hartu du hitza Palestinak bizi duen egoera dorpea oroitaraziz. Frantses gobernuak ere astelehen honetan Palestinaren estatua ezagutuko badu ere, Arbeletxe zuhur mintzatu da afera honetaz, Europako estatuek deus gutxi egin baitute orain arte Palestinako populuaren alde (soinua entzungai).
Poliziaren begiradapean Palestinaren aldeko manifestariak herriko etxe aitzinean egin dute bigarren geldialdia, eta segidan Hondartzako Sokoburu gunean egin dute eguneko azken geldialdia. Bidasoa ibaian Palestinaren aldeko banderolekin agertu dira traineru eta ontzi zenbait.