2023an, Baionan Palestinaren aldeko elkarretaratze bat debekatu zuen prefetak. Erabaki horren legezkotasuna aztertzen ari da Paueko administrazio auzitegia, hainbat manifestarik jarritako salaketaren ondorioz.
Palestinaren aldeko manifestaldi bat debekatu ote zuen prefetak… benetako aitzakiarik gabe? Hori leporatzen diote hainbat militantek. Afera 2023an abiatu zen, Baionan Palestinaren aldeko elkarretaratze bat debekatu zuelarik prefetak. Hala ere, jendea bildu zen, eta “ordena publikoari trabak egitea” leporaturik, poliziak isunak ezarri zizkien hainbat manifestariri.
Erabaki hori legala den ala ez aztertu behar zuen atzo goizean Paueko administrazio auzitegiak, han iragan den audientzia batean. Oraindik ez dute erabakia publikoki eman, baina Ilazki Ortego, manifestaldian parte hartu zuten zenbaiten abokatua baikor agertu da, prefetaren defentsa entzun ondotik. Haren ustez, ez baitu argumentu argirik eman debekuaren azaltzeko. Erabakia heldu diren asteetan ezagutarazia izanen dela espero da.