Pariseko Akordioaren 10. urteurrena kari, Bizi!-k inakzio klimatikoa salatu du Baionan

Pariseko Akordioaren 10. urteurrenaren kari, Bizi!-ko kideek bi ekintza burutu dituzte Baionan, inakzio klimatikoa salatzeko eta sistema aldatzeko beharra aldarrikatzeko.

Pariseko Akordioaren 10. urteurrena kari, Bizi!-k inakzio klimatikoa salatu du Baionan
Bizi!-k Total gasolindegia blokeatu du Baionako San Izpiritu auzoan, TotalEnergies enpresaren jarrera salatzeko. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/12/12 10:47

Goizean, zortzi eta erdiak aldera, Baionako San Izpiritu auzoan kokatua den Total gasolindegia blokeatu dute, TotalEnergies enpresaren jarrera salatzeko, COP21an izenpetutako Pariseko Akordioaren 10. urteurrenaren kari.
Bizi!-ren erranetan, TotalEnergiesek bere gas emisioak handitu ditu azken urteotan: gaur egun, munduko negutegi-efektuko gasen seigarren emititzailea da (2018an, hainbat ikerketa independenteren arabera, 18. postuan zegoelarik). Horrez gain, multinazional frantsesa 33 “bonba klimatiko” proiektutan inplikatua da.

Sistema aldatzeko beharra

Enpresa kutsatzaileen erantzukizunaz harago, Bizik beste bi inakzio mota salatu ditu. Alde batetik, Estatuarena, Pariseko Akordioetan hartutako engaiamenduak ez baititu bete; horren ondorioz, Frantziako Estatua 2021ean kondenatua izan zen “inakzio klimatikoagatik”. Horregatik, Emmanuel Macronen erretratua alderantziz jarri dute, Frantziako Estatuaren jarrera salatzeko.
Bestalde, bankuen inakzioa ere salatu dute, bankuek negutegi-efektuko gasen ekoizpena areagotzen dutela azpimarratuz, energia fosilei loturiko hainbat proiektu finantzatzen baitituzte. Horren harira, bigarren ekintza bat burutu dute Baionako Société Générale bankuaren aitzinean, bankuek krisi klimatikoan duten eragina agerian uzteko.

Bizi!-retzat, sistema osoa aldatzeko beharra dago, eta interes pribatuen gainetik gizartearen eta planetaren onura lehenesteko deia egiten dute.

Ekintzaren argazki bilduma:


Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu