Sei aldiz irabazi du Donibane Garaziko Super Prestigeko finala Ducassouk eta hiruetan Larraldek. Baina finalean elkarren aurka gertatu direnean, hazpandarra zaio orain arte itsasuarrari nagusitu. Igandean finala jokatuko dute zuzenean gure uhinetan.
Donibane Garaziko Super Prestigeko finalean lehiatuko dira Battitta Ducassou eta Peio Larralde pilotari trebeak. Itsasuarrak sei aldiz eraman du proba eta hazpandarrak hiruetan. Esperientzia handiko kirolariak dira. Finalerdiak joan den astelehenean irabazi zituzten. Peio Larraldek Pierre Etxeberri kanporatu zuen eta Battitta Ducassouk Mathieu Ospital. Azpimarratzekoa da Luis Sanchezek zituela azken hiru edizioak irabazi 2022, 23 eta 24an, baina jakina da aurten kolpatua dela nafarra.
2021ean jantzi zuen azkenik txapela Ducassouk eta 2020an Larraldek
Desberdinki prestatu dute finala. Ducassou Donibane Garaziko Garatenera joanen da ostiralean sakea lantzera eta tailer desberdinen egitera. Larraldek bere aldetik ez du pilotarik joko finalerdia eta finala artean. Sakea garrantzitsua izanen da igandean. Peio Larralderen arma nagusietarik bat izanen da baina atzelaria izanik ere arlo horretan ongi moldatzen dela itsasuarra badaki hazpandarrak. Partida igande arratsaldeko 5 orenetan izanen da zuzenean Euskal Irratietan. Aitzin, 4 orenetan, buruz buruka ariko dira Murillo eta Etxeberri-Patxeko.