Larralde faborito da Guichanduten aurka eta Ducassou ere Ugarteren parean. Haatik jakin-min gehiago sortuko dute Etxeberri / Saint-Paul eta Mariluz / Gurrutxaga partidek. Irabazleek A mailako finalerdiak jokatuko dituzte eta galtzaileek B mailakoak.
Mariluz / Gurrutxaga: lapurtarren arteko lehia
2025eko uztailean berezkoetara igan ziren ofizialki Betti Gurrutxaga eta Julen Mariluz. Multzoko partidak jokatu baino lehen, biek lehen kanporaketa gainditu zuten. Bixente Lafitte kanporatu zuen Betti Gurrutxagak 40 - 34. Ondotik 40 - 24 galdu bazuen Peio Larralderen kontra multzoko lehen partida kari, 40 - 22 nagusitu zitzaion Ellande Orhategarairi ondotik.
Iban Teillery kanpo ezarri zuen bere aldetik Julen Mariluzek 40-16. Ondotik 40-0 irabazi zuen multzoko lehen partida Ospitalen aurka azken honen oporraren ondorioz. Eta 40-24 gaina hartu zion Peio Guichanduti.
Hazparneko Berria trinketa Julen Mariluzen jokoaren alde
Hazparneko Berria trinketa bizia denez, abantaila ematen diola Mariluzi dio Gurrutxagak. Baina partidan ongi sartzea gakoa izanen dela uste du luhusoarrak. Gurrutxaga eta Mariluz binaka aitzinetik ari badira, ez dutela joko berdina iduritzen zaio Julen Mariluzi. Gurrutxagaren teknika Mariluzen bizitasunari lehiatuko zaio. Partida irekiaren mentura. Haatik lehenbiziko final-laurdenean faborito argia dela Peio Larralde erran daiteke eta Gixandutek balentria sortu beharko luke nagusitzeko.
Astelehenean Ducassou faborito lehen final-laurdena kari
Multzoko partida kari indarrak neurtu zituzten Battitta Ducassouk eta Inhar Ugartek eta 40-28 nagusitu zitzaion itsasuarra bizkaitarrari. Abantaila Ducassouri beraz.
Ondotik ariko diren Pierre Etxeberri eta Jon Saint-Paulek ere elkarren aurka jokatu zuten multzoen fasea eta bi tantoz baizik ez zuen azken hitza ukan Etxeberrik (40-38). Jakin-min haundia sortuko du berriz ere lehia honek beraz.