(Lapurdi)

Pilotari berezko hoberenak bilduko ditu Milafrangako Eskulari Pro lehiaketak

Urriaren lehenean iraganen dira bi finalerdiak. Lehenik Ospital eta Gichandut lehiatuko zaizkie Pierre Etxeberri eta Ducassouri. Bigarrenean, Etxeberria eta Iphar ariko dira Larralde eta Lamberten aurka. Finala urriaren 4an zuzenean Euskal Irratietan

Pilotari berezko hoberenak bilduko ditu Milafrangako Eskulari Pro lehiaketak
Ezkerretik eskuinera: A. Iphar, P. Etxeberri, B. Ducassou, E. Cachenaut, L. Etxeberria, M. Ospital, X. Lambert, E. Etxeberria, P. Gichandut eta S. Mayte. P. Larralde falta da argazkian EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2025/09/25 15:01

Battitta Ducassouk irabazi berri ditu Sarako eta Lekorneko lehiaketak. Finalerdietan Pierre Etxeberrirekin ariko da Mathieu Ospital eta Peio Gichanduten kontra eta pare hortaz azkarki mesfidatzen da itsasuarra. Dio elgarrekin ari direnean Gichanduten maila gorenean jartzen dela. Peio Gichandut ere pozik da Ospitalekin jokatzeaz. Amateur eta berezkoetan txapelak elgarrekin eraman izan baitituzte. Ospitalek gainerat Ipharrekin irabazi berri du Urruñako lehiaketa. Luzaz zauriturik egon ondotik, Andoni Iphar eta Eñaut Etxeberriak erakutsi dute maila hoberenera itzuli direla. Erran bezala Iphar nagusitu zen Urruñako finalean Ospitalekin eta Etxeberria Lekorneko txapelketan Ducassourekin. Etxeberria eta Ipharrek partida haundia atera beharko dute Peio Larralde eta Ximun Lamberti gaina hartzeko bigarren finalerdian. Hazpandarrak eta izpurarrak irabazi zuten Larraineko Betzüla lehiaketa agorrilean. Larralderen dohainak ezagunak dira eta Ximun Lambertek 15 urte darama berezkoen mailan.

2024an, Pierre Etxeberri eta Luis Sanchezek eraman zuten finala Bixente Bideondo eta Battitta Ducassouren kontra. Luis Sanchez luzarako gelditua da eta jakina da Bixente Bideondo behartua izan dela pilota uztera bihotz arazoen gatik. Aurtengorako ordezko bezala izendatu dituzte Julen Mariluz 23 urtez peko munduko txapelduna aintzinetik, eta gibeletik Ellande Orhategarai. Lehen finalerdia urriaren lehenean arratsaldeko 6 eterdietan. Hortan Ospital eta Gichandut lehiatuko zaizkie Pierre Etxeberri eta Ducassouri. Bigarrena ondotik gaueko 9 orenetan iraganen da. Etxeberria eta Iphar ariko dira Larralde eta Lamberten aurka.

Finala urriaren 4an goizeko 11 orenetan zuzenean Euskal Irratietan


Euskal Irratiak sareak segituko du lehentasuna emaiten pilotari Milafrangako lehiaketaren finala zuzenean eskainiz. Antolaketaren aldetik, Eric Cachenautek azpimarratu du Milafranga, Beskoitze, Lehuntze eta Mugerre ordezkatzen dituen Eskulari elkarteak duela urteko laugarren MASTER lehiaketa antolatzen. Finalerdi idekiak direla iduritzen zaio eta espero du goi mailako lehiak izanen direla. Sartzeak 20 eurotan finkatu ditu Eskulari pilota elkarte antolatzaileak bi egunetarako. Final eguneko bazkarirako izena aintzinetik eman daiteke 06.18.51.91.36 zenbakira deituz. Jakin lehiaketaren denboran emaitza bat egiten ahalko zaiola minbiziaren kontrako Ligari.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu