Berehalako epaiketa egin zioten atzo arratsaldean Baionako auzitegian joan den asteazkeneko blokatze egunean kontrol judizialpean askatu zituzten hiru lagunetako lehenari, 1.500 euroko isuna eman zion epaileak. Bertze auzi bat azarora gibelatu dute.
Irailaren 10eko blokatze egunean poliziak atxilotutako manifestarietatik hiru epaiketaren zain utzi zituzten aske joan den ortzegunean, eta bik berehalako epaiketarako hitzordua zuten atzo Baionako auzitegian. Batek epaiketa azarora gibelatzea lortu bazuen, bigarrena, Tarnoseko hautetsi bat, epailearen aitzinetik pasa zen.
1.500 euroko isuna eman zion epaileak, baina epaiketaren ondotik hautetsiak Euskal Irratietan salatu zuenez, "entzuna ez izatearen" sentsazioarekin atera zen. Hala, dei egitea aztertzen ari dela aitortu zuen, horretarako hamar egun ditu.
Poliziaren jardunbideei kritika
Epaituak salatu duenez, bere instrukzioko hainbat dokumentu polizial "trafikatu" dituzte agenteek. Hala, azaldu duenez, agiri batean irailaren 10eko goizeko 7:00tan idatzia dela ageri bada, dokumentu digitalaren metadatuetan irailaren 11ko 15:00etan sortua dela ageri da. Zuzenbidean halakoak egiteko debekua "argia" dela dio epaituak, eta prozedura akats hori baliatu nahi du bere deian. Are, azaldu duenez, epaileak baieztatu zuen prozeduran hutsak badirela, baina azpimarratzeko "berantegi" zela erran zuen; berehalako epaiketekin defentsak dokumentuak aztertzeko denborarik ez du izaten usu.