Jean-Marie Girier departamenduko prefetari ez zaio ongi iruditzen Euskal Elkargoak sor dezan laborantzako Kontseilua. Jean-René Etxegarai Elkargoko presidenteak bere aldetik dio, elkarte izaera juridikoa ukanen duela eta aholku emailea izanen dela.
Abenduaren 6an Euskal Hirigune Elkargoak laborantza eta elikagai Kontseilua onartu beharko luke bozka bidez, hautetsien osoko bilkuran. Elkargoak laborantza arloan dituen eskumenak hobeki baliatzeko kontseilu hau osatzeko nahikeria aspaldi agertu zuen Jean-René Etxegarai lehendakariak. "Ipar Euskal Herriak behar du horrelako kontseilu bat, laborantzako kide oro bertan ordezkatuak izan daitezen", gehitu du Etxegaraik.
Jean Marie Girier prefeta ez dator bat Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin. Ez zaio iruditzen beharrezkoa denik Kontseiluaren sortzea: "Jadanik badugu departamenduko Laborantza Ganbara; ez dut ikusten laborantza ganbera bis bat sortu behar dugunik. Gainera, Euskal Elkargoak baditu eskumen batzuk, baina ez denak", erran du prefetak, aferari buruz galdetu diogunean.
Jadanik badugu departamenduko Laborantza Ganbara; ez dut ikusten laborantza ganbera bis bat sortu behar dugunik
Jean-René Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, bere aldetik, ez du ulertzen prefetaren arrangura, Elkargoak elkarte izaera duen laborantza eta elikadura Kontseilua sortuko baitu. "Ene ustez bada gaizki ulertze bat prefetaren hitzetan. Guk ez dugu erran laborantza ganbera bis bat sortuko dugunik. Bada jadanik departamendu osoa biltzen duen laborantza ganbera bat, aldiz, badugu euskal elkargo bat, departamendu erdia ordezkatzen duena eta laborantzako eskumenak hartu dituena, eta eskubidea duena, berriz diot, eskubidea duena".
Bada jadanik departamendu osoa biltzen duen laborantza ganbera bat, aldiz, badugu euskal elkargo bat, departamendu erdia ordezkatzen duena eta laborantzako eskumenak hartu dituena, eta eskubidea duena, berriz diot, eskubidea duena
Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak gehitu du abenduaren 6an elkargoak bozkatuko duen kontseilua, aholku emailea izanen dela, eta Ipar Euskal Herriko laborantza eta elikagai arloko kide oro biltzea duela xede.