Autobidea blokatzen duten laborariengana hurbildu da astearte gau honetan Jean-Marie Girier prefeta. Behi tropen %75 txertatua ez den bitartean, hiltze masiboak egin beharko direla kasu bat agertzen bada erran die. Blokatzeek jarraituko dute.
Ostirala gauaz geroztik A64 autobidea, Ahurti eta Beskoitze inguruan, blokatzen duten laborariengana hurbildu da Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta astearte gau honetan. Mezu argi bat helarazi die ELB eta Coordination Rurale laborari sindikatuetako behi hazleei: ostiralean hasiko direla behi tropak txertatzen Ipar Euskal Herrian, alta, behi eritasunaren protokoloa aplikatzen segituko dutela, behien %75 txertatua ez den bitartean. Biharamunean, asteazken arratsaldean, txertatze kanpaina abiatua dela iragarri dute.
Dermatosi Nodular Kutsakorraren protokoloak dio behi tropa osoa hil behar dela kasuren bat agertzen baldin bada etxalde batean. Autobidearen okupazioa burutzen duten laborariek ez dute onartzen neurri hau, eta eri diren behiak soilik hiltzea onartzen dute. Beraz, okupazioekin segituko dute. Julen Perez ELBko bozeramailearen arabera prefetak ez du deus handirik ekarri. "Protokoloa ez da aldatzen, gure departamenduan behi tropen %75a txertatua ez deno. Inmunitaterik gabeko zonalde gisara ikusia da, kopuru horretara ez bagara heltzen. Ostiralean txertoak helduko dira, eta hilabete eta erdian txertaketa masiboa egitea da xedea", erran digu ELBko buruak.
Protokoloa ez da aldatzen, gure departamenduan behi tropen %75a txertatua ez deno. Inmunitaterik gabeko zonalde gisara ikusia da, kopuru horretara ez bagara heltzen. Ostiralean txertoak helduko dira, eta hilabete eta erdian txertaketa masiboa egitea da xedea
Thierry Leon eta Julen Perez, CR eta ELB sindikatuetako buruzagiekin batera mintzatu zaie laborariei Jean-Marie Girier prefeta. Hauek bermeak galdegin dizkiote estatuaren ordezkariari, eta blokatzeak ez dituztela geldituko oraingoz, ihardetsi diote, estatuak protokoloa moldatzen ez duen bitartean.
Jean-Bernard Minondo Confederation Rurale sindikatuko kidearen arabera goiz honetan deliberatuko dute zer jokabide hartu, barda prefetarekin ukan solasaldiaren ondotik.
Asteazken arratsaldean Pauen bildu dira berriz prefetarekin sindikatuen ordezkariak.

Azkenean, Dermatosis Nodular Kutsakorraren kontrako txertatze kanpaina asteazkenean abiatu da Pirinio Atlantikoetan, , zainketa eremuan diren 129 herrietan. Beste herrietan, astelehenean hasiko da txertatzea. Ahal bezain fite kabalen babesteko osasun hasia plantan ezartzeko xedea helarazi du gobernuak, txertatzea beharrezkoa izanen baita, nola behiendako, hala ahatxeendako ere. Horrentzat, departamenduko 4 000 etxaldeetako 205 000 behien txertatzeko dosiak ostiralean errezibituko dituzte, eta 4 asteko epea finkatu dute behi guzien txertatzeko, jakinez babes osoa 21 egunen ondoan eskuratzen dutela kabalek.
Baliabide logistiko handiak eta marexalaren indargarria mobilizatuko dituztela adierazi dute, osasun hesia ahal bezain fite plantatzeko, hala nola aramadako materiala, helikopteroak, eta marexalak, baita marexal ohiak eta hasiberriak. Gehitu dute ere txertoak ez dituztela eraginen haragia eta esnea.
Sindikatuek protokolo horren kontra agertzen segitzen dute, eta blokatzea mantenduko dute Ahurtin. Horrez gain, Donapaleuk Errecart ikastetxeko ikasleek Donapaleuko ospitaleko biribilgunea blokatzera deitu dute ostegun goizean, 9etatik goiti.