Prefetarekin bildu ondoren, presiopean atxikiko dute gobernua laborariek, Ahurtiko blokatzea segituz

Prefetarekin elkartu dira ELB eta Confédération Paysanne sindikatuetako laborariak astelehen honetan. Erantzunik gabe atera ondotik, jakinarazi dute A64 autobidea blokatzen segituko dutela laborariek.

Prefetarekin bildu ondoren, presiopean atxikiko dute gobernua laborariek, Ahurtiko blokatzea segituz
Dozenaka elkartu dira laborariak asteburu osoan, Ahurtiko autopistan. EUSKAL IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2025/12/15 17:55

Prefetarekin egindako bilkuratik erantzunik gabe atera ondotik, A 64 autobidea blokatzen segituko dute laborariek, Ahurtin, bi zentzuetan. Ostiraletik Ahurtiko autobidean dira dozenaka laborari eta sustengatzaile, ELB eta Coordination Rurale sindikatuek deiturik, behien Dermatosi Nodular Kutsakorraren eritasunaren kudeaketaren salatzeko: behi tropa osoa erailtzea behi bakar bat kutsatua bada ere.

Astelehen arratsalde honetan bildu dira Pauen, ELB eta Confédération Paysanne sindikatuetako laborariak Prefetarekin. Haien kezkak adierazi dizkiote, hiltze orokorra gelditzea nahi dutela batez ere, prefetak entzun ditu, baina erabakia ministroaren esku dela erran die. Momentukotz Txertatzea zabalduko dute, lehenik zainketa eremuan, eta urtarril hastapenean departamendu osoan. Mixel Kurutxet ELBko kideak erran digunaz, laborariek jakinarazi dute blokatzea segituko dutela, gobernua presiopean atxikitzeko, erantzunak ukan arte. (Entzungai playerrean).


Laugarren gaua pasa dute Coordination Rurale eta ELB laborari sindikatuko abeltzainek A64 autobidea okupatzen. Dermatosi Nodular eritasunaren protokoloa beste molde batez aplikatzeko galdegiten dute, eta ez dadila behi hilketa masiborik egin behi tropetan. Ramuntxo Bereau behi hazleak 200 esnetako behi ditu Senperen. FDSEA sindikatuko kide izan bazen arestian, gaur egun, ez da inongo sindikatutan, nahiago du laborarien batasuna, sindikatuen gainetik, horregatik parte hartzen du autobideren blokatzean.

Coordination Rurale laborari sindikatuak laborantza ministroaren dimisioa galdegin du, eta blokatzeekin jarraituko dutela, gobernuak gibel egiten ez baldin badu. Jeanmattitt Minondo CRko kide da eta laborari Donamartirin.


Interesgarri izanen zaizu