Proiektuari Elkar Saria jasoko du Kanaldude herri telebistak

Elkar Fundazioak banatzen duen Proiektuari saria jasoko du Ipar Euskal Herriko herri telebistak. Ibilbideari saria, aldiz, Bizkaiko Zenbat Gara elkartearen esku geldituko da. Sari banaketa ekainaren 3an izanen da Bilboko Kafe Antzokian.

Proiektuari Elkar Saria jasoko du Kanaldude herri telebistak
Saridunen berri eman du gaur Elkar Fundazioak Adunan (Gipuzkoa) duen egoitzan. ELKAR FUNDAZIOA
Erredakzioa
2025/05/14 11:56

Elkar Fundazioak 2025eko sariak iragarri ditu: Ibilbideari elkar saria Zenbat Gara elkarteari emanen dio, eta Proiektuari elkar saria Kanaldude herri telebistari. Lehenen sariztatua 1990eko hamarkadan sortu zen Bilbon, eta euskararen aldeko ekimen ugari bultzatu ditu azken hamarkadetan, horien artean, Gabriel Aresti euskaltegia, Kafe Antzokia edota Bilbo Hiria Irratia. Euskal Herriko hiriburu jendetsuenean euskal komunitatea trinkotzeko eta euskal kultura hirigunean sustatzeko egindako lanagatik jaso du saria.

Bestalde, Kanaldude telebistak, Ipar Euskal Herriko erreferentziazko euskarazko telebistak, kulturaren alde egiten duen lana goraipatu nahi izan du elkar Fundazioak Proiektuari elkar saria eskainiz. 1997an sortu zen Aldude ibarrean tokiko telebista gisa, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Gaur egun telebista zabala da, Iparraldean hedatua eta Internet bidez edonon ikus daitekeena; hainbat operadoreren eskaintzaren bidez ere zabaltzen dute seinalea. Elkarte moduan abiaturik, Aldudarrak Bideo Interes Kolektiboko Sozietate Kooperatiba bilakatu zen gerora. Gaur egun, kooperatibak 29 bazkide fisiko edo juridiko ditu, telebista proiektuko parte-hartzaile gehienen ordezkari direnak. Eta hamar dira bertan lanean ari diren langileak.

Elkar Fundazioko ordezkariek adierazi dutenez, «Euskal hedabideek behar handiak dituzte euren proiektuei eusteko, eta Kanaldude ez da salbuespena. Urtez urte, euskarazko telebista eskaintza ingurura zabaltzeko helburuarekin, etengabe joan da Kanaldude egokitzen momentuko aukerak eta beharrak kontuan hartuta. Egindakoa lanari esker, gaur egun, erreferentziazko telebista da Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat, eta ezaguna Euskal Herri osokoentzat».

Sariak ekainaren 3an emango dira, 18:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu