Infinitudrama antzerki taldeak Promesarik txikiena antzezlana Ortzaizeko Goikoetxea eltzetegian emanen du, larunbatean, 20:00etan, Urzaiz elkarteak gomitaturik. Maiana Etxeberri amikuztarra arizaleetan da eta musika Paxkal Irigoienek egina.
Iaz estrenatu zuen Promesarik txikiena antzezlana Infinitudrama konpainiak. Maite Aizpurua idazle eta antzerkilariaren ideia batetik abiatu zen asmoa. Laguntasuna du aipagai eta laguntasunak ekar ditzaken alde eder eta beste aldeak. Lau antzerkilari biltzen ditu taula gainean: Maite Aizpurua bera, Intza Alkain, Mejillon Tigre taldeko Ane Garcia eta erran bezala Maiana Etxeberri Keufterian amikuztarra.
Taula zuzendaritzan Matxalen de Pedro eta Edurne Azkarate antzerkilari eta zuzendariek lagundu dute eta testuaren idazketan Mejillon Tigreko bigarren kide Eider Perezek.
Paxkal Irigoienen kantu bat
Antzezlanean kantu bat ematen dute lau antzerkilariek zuzenean eta sortzeko Paxkal Irigoien ainhiztarrarengana joan ziren. Infinitu Tattooak deitu dute kantua eta youtuben entzun daiteke.
Antzerkilariek oholtza gaineko lanak hasiak zituztelarik amets bera zutela ikusi zuten: taula gainean kantuz aritzea. Musika gustu batzuk ere agertu ziren Abba taldearena edota David Bowiren Modern love kantuarena. Manua hala jin zitzaion Irigoieni eta araberako musika bat asmatu zuen.
Emanaldiak:
Ortzaizen, urriaren 10ean, larunbatean, 20:00etan, Goikoetxe eltzetegian.
Domintxainen, azaroaren 10ean, astearte arratsez, herriko gelan.