Uztaritze (Lapurdi)

San Frantses Xabierko kolegioko biktimen ahotsa pizten ari da

Notre-Dame de Bétharram aferak aitzina egin ahala, San Frantses Xabierko kolegioko ikasle ohiek Facebooken talde bat sortu eta testigantzak biltzen hasi dira. 1960 eta 2005 artean gertatutako lekukotasunak jaso dituzte, eta 11 salaketa aurkeztu dira.

San Frantses Xabierko kolegioko biktimen ahotsa pizten ari da
San Frantses Xabierkoa kolegioren aurka 11 salaketa dira momentuz. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/04/25 10:07

Azken asteotan, Betharrameko eskandaluaren oihartzunekin batera, San Frantses Xabierko kolegioko ikasle ohi talde batek sare sozialetan elkartu eta testigantzak biltzen hasi dira. Facebook bidez sortutako taldeak ehun lagun inguru elkartu ditu, eta 1960 eta 2005 artean bizi izandako bortizkeria eta sexu eraso kasuak argitara ematen hasi dira. Momentuz, 13 salaketa aurkeztu dituzte Paueko auzitegian, horietatik 11 zuzenean kolegioari lotuak.

Salatutako gertakariak ez dira nolanahikoak. Irakasle eta pedagogia taldeko kideen abusuak aipatzen dituzte, baita ikasleen arteko bortizkeria egoerak ere. Testigantzek 45 urteko tartea hartzen duten arren, antzekotasun nabarmenak dituzte: beldurra, isiltasuna eta babesgabetasuna. Kloe, kolegioko ikasle izandako bat eta gaur egun biktimen kolektiboko kidea denak azaldu du bortizkeria “ohikoa” zela, eta askotan ez zela helduen aldetik inolako erantzunik jasotzen.

Ezin ahantzi daiteke testuinguru zabalago bat ere. Hélène Perlant, François Bayrou lehen ministroaren alabak, publikoki salatu berri ditu Notre-Dame de Bétharram elkarteak antolatutako uda kanpaleku batean jasan zituen abusuak. Afera hau ez da soilik erakunde erlijioso baten kontua: gizarte osoari begira jarri behar dugu. Gertatutakoak isilarazi izanak erakusten du nola egiturazko arazoek eta botere-harremanek ahalbidetzen dituzten halako egoerak urte luzez irautea.

Biktimen lekukotasunak, batetik bestera, kate moduan doaz. Eta kate horrek egia lotzen du, askapenerako bidea bilakatuz. Hitz egiteko ausardia erakusten ari dira asko. Orain, gizarte osoari dagokio entzuteko ausardia izatea.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu