Sara (Lapurdi)

Sarako herritar talde batek "herrian bizi den egoera kezkagarria" eta hainbat eraso salatu ditu

"Bortizkeria, isiltasuna eta inpunitatea" arbuiatu ditu Bakean bizi kolektiboak. Urtats arratsean hitzezkoak eta fisikoak izan ziren erasoak salatu dituzte, baita lehenagotik heldu den "beldur eta tentsio giroa" ere.

Sarako herritar talde batek "herrian bizi den egoera kezkagarria" eta hainbat eraso salatu ditu
Urtats gauean hainbat saratarrek bertze hainbat erasotu zituzten Herriko Etxeko Edantegian, 'Bakean bizi' kolektiboak salatu duenez. IPARRALDEKO TURISMO BULEGOA
Erredakzioa
2026/01/30 10:17

Joan den abenduaren 31n, Sarako Herriko Etxeko edantegian, herritar batek indarkeria fisiko eta hitzezko talde-eraso bortitza jasan zuen, irain homofobo eta umiliagarriekin batera. Bakean bizi kolektiboak izenpeturiko oharrean, egoerari buruzko xehetasunak eman zituzten atzo, eta neurriak galdegin.

Herritarren arabera, urtats arratsekoa ez da gertakari isolatua. "Antzeko mehatxu eta erasoak lehenago ere gertatu dira talde berberarekin bai Saran, bai inguruko herrietan, eta horrek beldur eta tentsio giroa sortu du", haien erranetan. Herritar batzuek aitortzen diote ostatu publikoetatik alde egiten dutela, erasotuak izateko beldurrez.

Gutunaren sinatzaileek argi diote: “ez da desadostasun arrunt bat, baizik eta jokabide bortitz, sexistak, homofoboak eta diskriminatzaileak behin eta berriz errepikatzen diren egoera.”Isiltasunak eta erreakzio faltak, diotenez, zigorgabetasun sentsazioa areagotzen du.

Horren aurrean, hainbat neurri eskatzen dituzte. Batetik, ostatuetan “zero tolerantzia” politika ezartzea eta jokabide bortitzak dituzten pertsonak berehala kanporatzea. Bestetik, Sarako Izarra errugbi taldeari barne diziplina-neurriak hartzea galdegiten diote, gertakarietan inplikatutako lizentziadunen aurka.

Era berean, Herriko Etxeari posizionamendu publiko argia eskatzen diote, bortizkeria mota oro irmoki gaitzetsiz, eta biktimak babesteko neurri zehatzak hartuz. Jendarmerian ere salaketa bat pausatua izan da. Urtarrilaren 14an prentsa ohar bat hedatu zuen Sarako herriko kontseiluak ere, baina herriko etxearen eraikina eta elizak izan zituzten andeatze fisikoak bakarrik aipatzen zituen. Jarrera horiek "fermuki salatu" zituen kontseiluak, eta "gogoetatzeko behar zen denbora" hartzera deitu, neurri zehatzik aitzinikusi gabe.

Interesgarri izanen zaizu