Pazko astelehenean abiatuko da Iparraldeko euskal liburu eta disko azoka nagusia. Profesionalentzako eguna asteartean izanen da. Urtero bezala liburu aurkezpen, tailer eta topaketek osatuko dute egitarau aberatsa.
Apirilaren 21ean, Sarako Idazleen Biltzarrak bere ateak zabalduko ditu, aurten berrikuntza eta gaztetasunaren indarrarekin. Antolatzaileek dinamika berriak txertatu dituzte, eta horren erakusgarri, bezperan, apirilaren 20an, Choeur Bayonne Pays Basque koruaren kontzertua eskainiko da Sarako elizan, 19:00etan.
Biltzarraren egunean, 10:00etatik 17:30era, Sarako kiroldegian, idazle, argitaletxe eta artistak bilduko dira, liburu aurkezpenak, mahai-inguruak eta erakusketak eskainiz. Haurrentzako espazio berezia ere izanen da, tailer eta ikuskizunekin, hala nola, Maider Galarzaren "Emakume Basatia" eta Pontx pailazoaren saioekin.
Apirilaren 22an, asteartean, profesionalen eguna ospatuko da, euskal literatura klasikoaren inguruko gogoeta eta esperientzia trukatze gune bat eskainiz.