Sarakoa ukatu ondotik, Baionako euskararen aitortze ofiziala auzitegira jo du prefeturak

Uztailaren 23an, Baionako Herriko Etxeak euskara eta okzitanieraren aitortzea aho batez bozkatu zuen. Jean Marie Girier departamenduk Auzitegi Administratibora jo du. Euskal Konfederazioak seinale txarra nabarmentzen du frantses estatuaren partetik.

Sarakoa ukatu ondotik, Baionako euskararen aitortze ofiziala auzitegira jo du prefeturak
Baionako hiria artxiboetan argazki batean. NAGORE IRAZUSTABARRENA
Xarlot Etxeberri
2026/07/31 16:58

Berez sinbolikoa izan arren, bide juridikoa emanen dio prefeturak Baionako Herriko Etxeak hartutako deliberoari. Uztailaren 23an, aho batez, euskara eta okzitaniera “Baionako lurraldeko hizkuntza” gisa aitortzea bozkatu zuen kontseiluak. Baina Sarako herriko etxearen erabakiaren gisan, aldi honetan ere prefeturak deliberoa ukatu du, baita Auzitegi Administratibora jo ere.

Herriko bozen garaian neurria proposatu zuen Euskal Konfederazioak ulertezintzat jo du debekua. Hain zuzen, delibero hori sinbolikoa baizik ez zen. Sara eta Baionako Herriko Etxeek euskara historikoki errekonozitu dute, balio juridikorik gabe. Frantses estatuaren partetik seinale txarra nabarmentzen du Konfederazioak, azken hilabete horietan agertu den xifridura giro baten testuinguruan.

Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta fitexko lekutuko da. Baina euskararen kontrako erabakiek ez lukete berekin batera alde eginen. Sebastien Castet Jaureguik, Euskal Konfederazioko koordinatzaileak azken hilabeteetako hizkuntza guttituen kontrako erasoak eta hitz mespretxagarriak agerian ezarri ditu berriro. Portaera horiek biderkatzen direlakoan, frantses estatua ordezkatzen duen prefetaren erabaki horrek gobernuaren irudi leiala erakusten du.

Euskal Konfederazioak Herriko Etxeak zein euskaltzaleak mobilizatzera deitzen ditu. Alde batetik, hauteskundeetan Konfederazioak hizkuntza politikarako barometroa aurkeztu eta gero, euskararen aldeko neurrien hartzeko prest agertu ziren 38 zerrendak hitzaren betetzeko dei egiten du. Garai hartan engaiatu ez ziren kontseiluak batzera deitu ditu ere.

Bestalde, euskaltzale guziak Baionan iraganen den azaroaren 21eko  manifestaldian parte hartzera gomitatzen ditu, “euskararen ofizialtasuna eta euskararen aldeko politika eraginkorragoak” aldarrikatzeko asmoz.

Interesgarri izanen zaizu