Asteartean bilkura handia antolatu zuen ihizi federakuntzak Donapaleun. 300 ihiztari inguru bildu dira. Federakuntzako ordezkariek esplikatu dute afera zertan den xuxen eta zer lan eramaten duten. Bilduma egin dugu.
Sare ihizia lanjerrean dea? Departamenduko ihizi federakuntzak uste du baietz eta hortarako zituen gomitatu interesa zuten ihiztari guziak asteartean Donapaleura. Borroka hori zertan den, eta nola segitu behar den azaldu dute federakuntzako ordezkariek.
Laudetatik hasi
Saretegien eztabaida ongi ulertzeko, 1979an hasi beharko ginateke, orduan Europa mailan bozkatua baita txori baser buruzko direktiba berezi bat (Directive Oiseaux delakoa). Europan diren txori basa guzien babeserako erabaki historikoa izan zen, arautzen baitzuen zoin txori mota ihiztatzen ahal zen, eta ze kondiziotan. Ondoko urte eta hamarkadetan, beste lege edo erabaki batzuk hartu zituen Frantziak ihiziari buruz, baina beti sare ihizia onartuz, usu derogazio batzuen bidez.
Ihizi federakuntzaren arabera, 2019an ziren hasi sare ihiziaren kontrako egiazko erasoak. Urte hartan, LPO Txorien Babeserako Ligak eta One Voice elkarteak laudetaren ihiziaren kontrako prozedurak hasi zituzten. Salatu zuten sareetan beste txori mota batzuk biltzen eta kolpatzen zirela. Europa mailan ere, Frantziaren kontrako lehen erasoak izan ziren.
Baina sare ihiziak segitu zuen urzoendako, eta laudetarendako 2021ean esperimentazio bat plantan ezarri zuen Frantziak, aztertzeko xuxen zoin txori harrapatzen zen. 2019tik geroztik, prozedura anitz segitu dira: gobernuak laudeten sare ihizia baimentzen zuelarik, LPOk eta One Voicek Estatu Kontseilura jotzen zuten, eta azken honek gobernuaren baimenak desegiten zituen.
Urzoekin segitzeko
2025eko otsailaren 12an, Europako Batzordeak iragarri zuen Europar Batasuneko Justizia Auzitegian atakatuko zuela Frantzian, preseski urzo ihiziari buruz. Hor zen lehen aldikoz zuzenki lanjerrean izan urzoen sare ihizia. Baina prozedura horrek denbora hartzen baitu, anartean Frantziako gobernuak baimendu zuen ihizi hori.
Eta 2025eko agorrilaren 7an, LPO eta One Voice elkarteek lehen aldikoz Estatu kontseilura jo zuten urzoen sare ihiziaren baimena desegiteko. Bi berri horiek ihizi federakuntzaren beldurra azkartu zuten, eta egoeraren azaltzeko zuten erabaki bilkura publikoen antolatzea.
Ihiztariak mobilizaturik?
Sare ihiziaren defentsa ez badute orain hasi, ihizi federakuntzako ordezkariek nahi zuten defentsa horren berri eman. Azaroaren 25ean Donapaleun bilkura antolatu dute horretarako. 300 bat ihiztari orotara dira hurbildu.
Xanpi Ezcurra ihizi federakuntzako ordezkariak gure mikroan azaldu duenez, jendea "kexu eta triste [zen]. Ageri zen beren bozarekin ez dutela esperantza handirik".
Ordezkariek nolako lana egiten duten azaldu dute: bilkurak, ministerioarekin harremanak edota komunikazioa. Hala ere, Xanpi Ezcurraren ustez, LPO eta One Voice elkarteak biziki azkarrak dira komunikazioan, eta ihiztariak baino gehiago entzunak dira.
Ondoko hilabeteetan, prozedura juridikoek ihiztarien borrokaren geroa baldintzatuko dute. Xanpi Ezcurrak azpimarratu du lanean segituko zutela urzo ihiziaren defentsan eta laudeten ihiziaren onarrarazteko. Argi utzi du "ondoko hilabeteetan, behar bada borroka bortitzagoa batean hasiko [zirela]".
Xanpi Ezcurra, ihizi federakuntzako ordezkaria. IRULEGIKO IRRATIA