Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Seaskak 6000m² ukanen ditu bere bigarren lizeoaren eraikitzeko

Baziren 27 urte Donapaleuko VVF opor herriaren gunea hutsik zela. Hurrengo hilabeteetan dena deseginen dute, proiektu orokor baten sortzeko. Seaskaren lizeoak, aisialdi zentro batek, eta harrera gune batek dute proiektua osatzen.

Seaskak 6000m² ukanen ditu bere bigarren lizeoaren eraikitzeko
Bernat Etxepare lizeoaren ondotik, Seaskak bere bigarrne lizeoa Donapaleun eraikiko du. EUSKAL IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2025/10/22 18:50

Joan den ostegunean bildu da Donapaleuko herriko etxeko kontseilua, urriaren 16an, aipagai frango bazituzten, besteak beste, Seaskaren bigarren lizeoaren kokagunea. Seaskaren lizeoa proiektu orokor batean kokatzen da, eta proiektu hori izan da aipagai Donapaleuko herriko etxean.

Baziren 27 urte Donapaleuko VVF opor herriaren gunea hutsik zela. 1998an zerratu zuten, amiantaz betea zelako, eta ez zelako gehiago normetan. Orain arte ez zen akordiorik izan guneari bizi berri baten emaiteko, baina azken finean, hurrengo hilabeteetan dena deseginen dute, proiektu orokor baten sortzeko.

Proiektu hortan sartzen da Seaskaren bigarren lizeoa, 6 000 m² baliatuko dituena. Lizeo berriaz gain, aiziladi zentro bat eraikitzeko asmoa dute, guneko 5 200m² baliatuz, baita « SOS village enfance » harrera gunea ere. Justiziak haurrak kentzen dizkielarik familier, anaiarrebak elgarrekin egoitea posibilitatea ukan dezaten, haurrideak ez elgarrengandik bereizteko gisan. Fundazio horrek herri ttipi bat sortuko du, 45 haurren errezibitzeko : hamar bat etxe ttipi eta etxe handi bat familien biltzeko. Orokorki 9 300m²ko gunea baliatuko ditu proiektuak.

Proiektu horier esker, Donapaleuko kontseiluak 60 bat lanpostu berriren sortzea espero du. Seaskari dagokionez, 30 langile izan beharko lirateke egituran. Opor herri hori jadanik Amikuzeko ikastola, Errecart ikastetxea eta Amikuzeko kolegiotik hurbil kokatzen bada ere, 700m²ko autobus geltoki bat sortuko dute, baita 1600m²ko aparkaleku bat ere. Horrez gain, kirol egituretatik hurbiltasunak eta egitura berri batzuen eraikitzeko xedeek gune horren indarra azkartzen dute.

Interesgarri izanen zaizu