Seaska Bordeleko Errektoretzarekin bilduko da hiru aldarrikapen nagusirekin: Matematikako azterketa euskaraz berreskuratzea, Ahozko Handia euskaraz egiteko aukera eta hizkuntzaren lekua egonkortzea.
Seaskak ostegun honetan hitzordua du Bordeleko Errektoretzarekin, euskarazko azterketen gaia lantzeko. Bilkura horren atarian, goiz honetan Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Zuberoako 39 ikastoletako ordezkariak Baionako Hezkuntza Ministerioaren delegazioaren aitzinean bildu ziren, Baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko. Seaskak gogorarazi du 2022an Brebeta euskaraz egiteko aukera lortu zutela, eta orain eskubide hori Baxoan ere bermatzea dela helburua.
Hiru eskaera nagusi plazaratu dituzte: Leheneko Matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera berreskuratzea —2020ra arte hala egiten baitzen—, Baxoko Ahozko Handia osoki edo partez euskaraz egiteko aukera, eta euskararen lekua egonkortzeko eztabaidetan parte hartzea.
Osteguneko bilkurari begira, Seaskak adierazi du elkarrizketarako prest dagoela, baina ez duela atzerapausorik onartuko. Halaber, ekain inguruko azterketen aitzinetik ikasle, irakasle eta familiei hizkuntza aukeraren inguruko argitasuna lehenbailehen ematea galdegin du, zein hizkuntzatan egin ahal izango diren jakiteko.