Seaskaren sartzea: Ikasle kopuru egonkorrak, egoera ezegonkorrean

Seaskak 4.262 ikaslerekin abiatu du ikasturtea, 2 urtekoekin 4.300tik gora. Kopuruak egonkorrak dira, baina espazio eta finantzaketa arazoek itzal luzea dute. Euskararen aldeko gizarte babesa, berriz, inoiz baino handiagoa da.

Seaskaren sartzea: Ikasle kopuru egonkorrak, egoera ezegonkorrean
Eric Etxart eta Sophie Layus, Seaskako lehendakarikideak, eta Garikoitz Mujika, B. Etxepare Lizeoko zuzendari berria, izan dira Seaskaren ikasturteari hasiera eman diotenak. SEASKA
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/05 07:00

Ikasturte berria martxan da Seaskan. Aurten ere 39 ikastolen sareak milaka haur hartu ditu bere baitan, eta nahiz eta ikasle kopuruak iazkoen parean mantendu, erronka berriak eta zaharrak ageri dira mahai gainean: espazio eskasia gero eta larriagoa, finantzaketaren premia, eta behar bereziak dituzten ikasleen inklusioan atzerapausoak. Aldi berean, euskararen aldeko gizarte babesa inoiz baino handiagoa dela erakusten dute azken inkestek.

Ikasle kopuruak, egonkortasunaren seinale

Seaskako 39 ikastolen sareak ikasturte berriari hasiera eman dio 4.262 ikaslerekin; bi urteko haurrak kontuan hartuz, 4.300tik gora izanen dira aurten. Baionan, Bokalen eta Angelun ikastolak bete-betean daude, eta barnekaldean ere gorakada nabarmena da: Baigorrin, Oztibarren eta Uztaritzen ikasle gehiago dituzte, eta Senpereko kolegio berriak hazkunde horri eusten dio. Lizeoan, berriz, 521 ikasle dira aurten, iazko kopuruaren parean.
Demografia beherantz badoa ere, Seaskako lehendakarikide Sophie Layusek azpimarratu du egonkortze hau berri ona dela. IFOP inkestak ere pista ematen du: herritarren %91 euskararen ofizialtasunaren alde daude, %80k haur guztiek euskaraz ikasteko aukera nahi dute, eta %70ek derrigorrezkoa izatea ere bai.

Finantzaketa eta azpiegituren beharra

Ikasle kopuruaren egonkortasuna ez da, ordea, arazo guztien konponbidea. Seaskak argi utzi du ezin duela dena bere gain hartu botere publikoen sostengurik gabe. Baionako Estitxu Robles kolegioan uda honetan hastekoak ziren obrak atzeratu ditu Departamenduak arrazoi ekonomikoengatik, eta horrek ikasturte oso zaila ekarriko du leku eskasiagatik. Beskoitzen eta Arberoan lanak martxan jarriko dira, baina Bokale eta Biriatuko ikastolak txiki gelditu dira jada. Aldi berean, Donapaleuko bigarren lizeoaren proiektua eta lanbide heziketaren garapena etorkizunerako giltzarri dira, baina horiek ere finantzaketa sendo baten beharra dute.

Inklusioaren erronka

Beste kezka handietako bat inklusioa da. Hasieratik, behar bereziak dituzten ikasleei laguntzaileak ezartzeko atzerapausoa hartu du Hezkuntza ministerioak. Diskurtso ederrak gorabehera, haur horiek laguntza gutxiago izanen dute aurten, eta Seaskaren arabera egoera horrek zuzenean kaltetuko ditu ikasleak, irakasleak eta familiak. Integrazio Batzordeak gai honi buruzko xehetasun gehiago emanen ditu laster, baina dagoeneko “biziki kezkatuak” direla nabarmendu dute.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu