Sébastien Lecornu Frantziako Lehen Ministroak dimisioa eman du

Lecornuk dimisioa pausatu du goizean; 26 egun besterik ez ditu egin karguan Frantziako gobernuburu gisara, eta bere gobernuak oren guti batzuk baino ez. Emmanuel Macronek dimisioa onartu du, oposizioak disoluzioak eta kargugabetzeak eskatu ditu.

Sébastien Lecornu Frantziako Lehen Ministroak dimisioa eman du
Sébastien Lecornu lehen ministro ohia, joan den astean Matignon hotelean, agerraldi batean. FRANTZIAKO GOBERNUA
Jose Luis Aizpuru
2025/10/06 12:10

Gero eta denbora gutiago irauten dute lehen ministroek Frantzian, gaur goizean, postuan 26 egun egin eta gero, dimisioa eman baitu Sébastien Lecornuk. "Ez dira beharrezko baldintzak ematen lehen ministro gisara segi dezadan" erran du goizeko hamaikak aitzin Lecornuk Matignongo hotelean egindako agerraldian.

Bere gobernuko ministroak barda arratsean izendatu eta oren gutxira, lehen ministroak dimisioa mahai gainean pausatu dio frantses presidenteari, ezin duelako aitzina egin gehiengorik gabe, eta zentsura mozioaren arriskuak gero eta indar gehiago hartu baitu azken orenetan, aitzinkontuaren negoziaketek ez baitute aitzina egin oposizioko alderdi politikoekin.

Erreakzioak berehala heldu dira: eskuin muturrak, legebiltzarraren desegitea galdegin du berehala, eta LFItik Emmanuel Macron jotzen dute egoeraren hobendun, eta hauteskunde presidentzialak galdegiten. Honek bi aukera ditu orain: batetik, Lehen Ministro berri bat izendatzea, iazko legebiltzarreko bozetatik laugarrena litzakeena. Bestetik, Asanblea Nazionala desegitea eta bozetara deitzea. Hain zuzen, Lecornu bihar zen han politika orokorreko diskurtsoan mintzatzekoa.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu