Sektore libreko medikuek greba hasi dute lan geldialdien kuota bat ematen duen legearen aurka

Frantziako gizarte segurantzako finantzaketa-lege proiektu berriak sektore libreko medikuen askatasuna zalantzan ematen duela eta lan-geldialdien kuota bat ezartzen duela salatuz greba hasi dute mediku liberalek urtarrilaren 15a arte.

Sektore libreko medikuek greba hasi dute lan geldialdien kuota bat ematen duen legearen aurka
Mediku baten ikustea zailago izanen da hilabete hastapen honetan sektore libreko medikuen grebaren ondorioz. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/01/05 18:43

Gaurtik goiti, urtarrilaren 15era, sektore libreko medikuak greban dira Frantziako gizarte segurantzaren finantzaketa lege proiektuaren kontra. Printzipioz, sektore libreko medikuak askatasun osoz lan egiten dute eta konfiantza itun bat dute Frantziako gizarte segurantzarekin. Abenduko Frantziako gizarte segurantzako finantzaketa lege proiektuak konfiantza hau hausten duela diote greba egiten duten medikuek permititzen diolako gizarte segurantzari medikuen kontrolatzea eta adibidez medikuntzako egintza batzuen prezioak finkatzea.

Gainera legeak lan-geldialdien kuota bat inposatu nahi duela salatzen dute. Gehiegi ematen dituzten medikuak kontrolatuak eta zigortuak izan litezke, 5.000 eta 10.000 euro arteko isunekin. Donibane Lohizuneko Xabi Chabagno famili-medikuak azaldu du greba pazienteen alde ere egiten dutela. Adierazi du paziente langileak direla lege horren lehen biktimak. Lan geldialdi kopurua errespetatzeko obligatuak izanen dira beste mediku bati proposatzea beren pazientea ez isunik pagatzeko nahiz eta pazientearen lan-geldialdia justifikatzen den. Posible da langile batzuk lan-geldialdirik gabe geratzea.

Xabi Chabagnoren bulegoko mediku guztiek bi eguneko greba egingo dute, baina egoeraren bilakaeraren arabera luzatu dezakete epe hori. Frantzia mailan sindikatuek urtarrilaren 15a arte greba egitera deitzen dute. Anartean, zerbitzu minimoa segurtatzeko, prefetak mediku batzuei lan egitea eskatu die.

Interesgarri izanen zaizu