Senpereko lakua orroka ariko da igande honetan Herri Urratsen karietara

43. edizioa antolatu dute eta 40.000 jende inguru goaitatzen dituzte antolatzaileek Senpereko aintziraren inguruan igande honetarako. 'Uratx' izena aukeratu dute Seaskako ikasleek lakua zaintzen duen munstro berde berriari edo maskotari emateko.

Senpereko lakua orroka ariko da igande honetan Herri Urratsen karietara
Donapaleuko lizeo berria eraikitzeko bideratuko da aurten Herri Urratsen bilduko den dirua. JAKES LARRE/EKE
Kriztof Arotzarena
2026/05/07 08:36

Donapaleuko lizeo berriaren aldeko edizioa


Baionako Bernat Etxepare ikastetxea da orain arte Seaskaren lizeo bakarra Ipar Euskal Herrian. 2027-2028 sartzerako Xiberoa, Baxenabarre eta Hazparne aldeko ikasleak hartuko ditu Donapaleuko lizeo berriak. Lanak laster abiatzea espero da, eta helburua da 2027ko irailerako zentroa prest izatea. Eric Etxart Seaskako ko-lehendakariak azaldu digunez, 7 milioi euroko inbertsioa aurreikusia da proiekturako.


Uratx izena du lakuaren zaindari berriak


Eñaut Castagnetek du aurtengo Laku Bat Orroka bideoklipa sortu. Eta Haira Aizpurua Ibargarai bertsolariak ditu hitzak asmatu. Bideo horretan agertzen da Uratx eta igandean uretik ateratzen ahalko liteke Mañu Erviti Herri Urratseko kolehendakariak Goiz Berri saioan erran digunez.


La Txama Nafarroan, Lin Ton Taun Araban...Txik Txak linea bereziak eta Baso Berri etxetik ekarri


Programazio zabala eskainiko dute aurten ere antolatzaileek.


Ingurumena gogoan atxikiz Baso Berriak etxetik ekartzea gomendatzen dute iganderako.

Garraioen aldetik, autobusak kasikbeteak badira ere, Txik Txak linea bereziak izanen dira:

  1. Kanbo (Kirol zelaia) -Ezpeleta (merkatua)- Zuraide – Aintzira 

  2. Donibane Lohitzune (Xantako) – Aintzira

  3. Uztaritze - Ezpeleta - Aintzira


Txartelak aintzinetik erosteko:

  • Donibane Lohitzune: Ttiki trinketean

  • Azkaine: Plaza ostatuan

  • Kanbo: Fabrika dendan

  • Ezpeleta: Xingola dendan

  • Zuraide: Carrefour Expressen

  • Itsasu: ONA eta BIO dendan

  • Uztaritze: Hemengo Dendan


Egunean bertan ere txartelak salgai izanen dira geltokietan.


Txartelaren prezioa 3 eurotakoa da.




Interesgarri izanen zaizu