Senpere (Lapurdi)

Senpereko lur-jabe batek salaketa eman du, larunbatean ehun bat karabana bere lurretan sartu ondoren

Larunbatean komunitate ebanjelista bateko 75 bat familia Senpereko laborantza lur batean instalatu ziren, haiek hartzeko lurrik atzeman gabe egon ondotik. Bi astez egonen direla diote. Senpereko auzapezak babesa erakutsi dio lurren jabeari.

Senpereko lur-jabe batek salaketa eman du, larunbatean ehun bat karabana bere lurretan sartu ondoren
Senpereko Helbarrun auzoko laborari baten lurretan sartu ziren ehun bat karabana larunbatean. Mariana Laugier/ICI PAYS BASQUE
Lorea Mailharrancin
2026/07/06 11:40

Karabanaz bidaiatzen duen komunitate ebanjelistak Azkainen instalatu nahi zuen, baina laborariek bidea blokatu zieten traktoreekin larunbatean, eta Donibane Lohizuneko auzapezak ere baimena ukatu zien haren herrian sartzeko.

Komunitate ebanjelistak dio Senperen bereziki egokitua zaien eremura joateko baimena ukan zutela martxoan. Baina instalatu baino hiru egun lehenago jakin dute ezingo zutela hala egin, gehiegi baitziren. Horregatik sartu dira lur pribatu batean, bi astez egoteko xedearekin.

Euskal Elkargoak bere ardura betetzen duela azpimarratu du, 550 toki baitira bidaiako jendeen zerbitzura Ipar Euskal Herrian, baina urteroko eztabaida berak piztu dira beste behin ere, lur jabeen haserrearekin eta ebanjelistak baztertuak direnaren sentsazioarekin. Senpereko auzapezak beste herrien sustengu eskasa salatu du, gaia serioski landu behar dela azpimarratu du eta kaltetuak diren laborariak sustengatzen ditu. Orri honetan entzungai da Christophe Jauregi auzapezarekin elkarrizketa.

Interesgarri izanen zaizu