Baiona (Ipar EH)

Sindikatuek ikasleak sustengatuko dituzte urriaren seiko mobilizazio egun handian

Asteartean, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian ikasleen sindikatuek deitutako mobilizazioa paregabea izan beharko litzateke. Baionan, LAB, FSU, CGT, Solidaires, edota CFDT sindikatuak ikasleen borrokari lotuko dira.

Sindikatuek ikasleak sustengatuko dituzte urriaren seiko mobilizazio egun handian
Etxepare lizeoa blokatu zuten ikasleek urriaren 1ean. EUSKAL IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2026/10/05 16:18

Astelehen honetan ehunka gazte elkartu dira Baionan, nahiz eta prefetak blokatze horiek debekatu. Etxepare, Louis-de-Foix, Cassin, Paul Bert eta Cantau ikastetxeak zerratuak ziren gaur. Alabaina, bederen atxiloketa bat izan da goizean, Cantau lizeoaren aitzinean. Bihar, berriz, mobilizazio azkarra aurreikusia da, nola lizeo eta unibertsitatetan, hala sindikatu ainitzen partez.

Ikastetxeen aitzinean, 7:00etan hasiko dira elkarretaratzeak. 10:30etan, gazteak Baionako berde plazan elkartuko dira. Arratsaldean zehar, 17:30etan, hainbat sindikatu elkartuko dira Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Izan ere, LAB, FSU, CGT, Solidaires, edota CFDT sindikatuak mobilizazioari lotu dira, ikasleen sustengatzeko, eta haien mobilizazioa zilegia dela aldarrikatzeko. Hortaz gain, Hezkuntza nazionaleko eta funtzio publikoko langileen grebara deitu dute ere.

Batez ere, Estatua eta poliziaren errepresioa salatzen dute sindikatuek, baita prefetaren debekua ere, elkarretaratze guztiak debekatu baititu lizeoen aitzinean. Errekurtso bat pausatu dute erabaki horren kontra, goiz honetan aztertu behar zutena Paueko auzitegian.

Gazte batek eskua galdu du

Frantzia mailan, 600 bat lizeo partez edo osoki zerratuak ziren gaur, baita 40 unibertsitate ere. Goizean, berriz ere, 15 urteko mutiko batek bere eskua galdu du Lens-en, granada bat errezibitu ondotik. Ipar Euskal Herrian bezala, ikasleen sindikatuek mobilizazio handira deitu dute biharko, bederen 30 bat hiritan. Hainbat sindikatuk haien sustengua helarazi diete, eta bihar haien ondoan agertuko dira haien “babesteko”, azaldu duten gisan.


“Zuzenbide Estatuarekirako gehiegikeria orokorra ”

Kezkatua agertu da Giza Eskubideen Ligako lehendakaria goiz honetan, Frantziako ordenaren atxikitzearen gehiegikerien ondorioz. “Zuzenbide Estatuarekirako gehiegikeria orokorra ” salatu du, ikasleen mobilizazioan iragandako poliziaren interbentzioer buruz. Hain zuzen ere, 5.000 gazte atxilotu ditu jadanik, 5 egunez, Frantziako poliziak, ikasleek haien eskubideen alde antolatutako mobilizazioetan.

Anartean, Frantziako Gobernua ikasleei mobilizazioetako istiluetan izandako kalte materialak ordainarazteko legea lantzen ari da. Urriaren 27an aurkeztuko dute lege proposamena, mobilizazio batean parte hartu duen edonori kalteen pagarazteko. Errepresio arma handia salatu dute hainbat aktorek.

Interesgarri izanen zaizu