Donibane Lohizune (Lapurdi)

Stérin eskuin-muturreko miliardunak Donibane Lohizunen espekulatzen duela salatu du EHBaik

Donibane Lohizuneko hondartza aitzinean den Ugaina etxean bi banderola hedatu zituen atzo EHBaik: Pierre-Édouard Stérin eskuin-muturreko miliardun eta hainbat hedabideren jabearena da. 10 milioi euroko salmenta espekulatiboa salatzen dute.

Stérin eskuin-muturreko miliardunak Donibane Lohizunen espekulatzen duela salatu du EHBaik
Gaby Arestegi eta Hugo-Luc Maillos eledunak, Ugaina etxearen aitzinean, haren salmenta salatzeko ekintzan zehar, atzo. EHBAI
Aimar Lopez Erasun
2025/10/03 09:25

2022an sei milioi eurotan erosi, eta 2025ean 16 milioitan saldu: hiru urtean 10 milioi euro "espekulatuz" irabazteko asmoa salatu zuen atzo alderdi ezkertiar abertzaleak. Aste hastapenean hainbat hedabidek zabaldu zuten Pierre-Édouard Stérin dirudunak Lapurdiko hirian duen etxea saltzeko asmoa zuela, eta "eskuin-muturrak Euskal Herrian espekulatzen" duela arbuiatzeko parada ikusi du bertan EHBaik.

Hugo-Luc Maillos Donibane Lohizuneko Herri Berri udal taldeko kideak azaldu zuenez, 2022an frantses estatuak enkantean eman zuen Ugaina etxea, hastapenean 3.700.000 eurotan baloratua. Garaian jadanik, herritarren mesedeei muzin egin zitzaiela salatu zuen, Herriko Etxeak interes orokorreko proiektu bat baitzuen bertan. Horren ordez baina, estatuak dirua irabazteko aukera ikusi eta "milioidunen interes pribatuei" lekua egin zitzaiela azaldu du. Stérinek irabazi zuen enkantea, Ugaina etxea sei milioi euroren truke lortuz.

Orain, baina, hiru urte geroago "10 milioi euroko gainbalio espekulatibo gordina" salatu du Maillosek. EHBaiko eledun Gaby Arestegik bere aldetik, egoilar estatus bereziaren defentsa egiteko baliatu zuen atzoko ekintza: "milioidunek haien aberastasuna handitzeaz gain, lurraldeko prezioak goratzea" eragiten duela salatu zuen. Hala, kanpotik heldu diren dirudunei lehentasuna kendu eta Ipar Euskal Herriko biztanleen etxebizitza eskubidea babesteko urratsak galdegin zizkien instituzioei Arestegik.

Eskuin-muturrari "harresia"

Hainbat hedabide eta think-tanken jabea da Pierre-Édouard Stérin, eta Frantziako eskuin-muturreko alderdiekin hurbiltasun ideologiko handia erakutsi du publikoki, bere dirua "ideien gerla" baten alde jartzen duela asumituz. Bere etxeko balkoiak okupatuz ideia horiek Euskal Herrian "lekuz-kanpo" daudela salatu du alderdi abertzaleak.

Horren haritik, gaur arratsean Itsasuko Sanokin antolatu duten hitzaldi eta mahai-ingurura deia luzatu du EHBaik. "Eskuin muturraren aitzinean, erantzun kolektiboa eraikitzen" lelopean, Lumir Lapray, Malika Peyraut, Ana Sarria Muxika, Eñaut Aramendi eta Jennifer Audy militanteek arlo anitzetatik eskuin-muturrari nola aurre egin landuko dute arratsaldeko 19:00tan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu