Street Medicak manifestazioetan zaurituak artatzen dituzten boluntarioak dira, prestakuntza-maila eta esperientzia desberdinekin. Célinek haien antolaketa, prestakuntza eta azken urteetan poliziaren errepresioak ekarritako arriskuak azaldu dizkigu.
Askotan zuriz jantzita, kaskoa eta maskara soinean, eta gurutze gorri ala urdinak agerian. Azkenaldian manifestaldietan ikusiko zenituzten: Street Medic-ak, edo karrikako medikuak. Manifestaldietan zaurituak artatzen dituzte, baina ez dira guztiak osasun profesionalak. Céline Street Medic-ak azaldu digunez, autoformakuntza bidez prestatzen dira; batzuek, hala ere, medikuntzako edo erizaintzako diplomak dituzte. Prestakuntza maila desberdinak dituzte: lehen mailan zauri arinak eta hemorragiak artatzen dira, besteak beste; bigarrenean, traumatologia lantzen dute, eta bizia arriskuan jar dezaketen kasu larriak. Zaurituak artatzeaz gain, Street Medic-ek egoera aztertu eta badaki noiz deitu larrialdi zerbitzuei.
Elkarren artean saretuak dira. Normalean, lekuen arabera antolatzen dira, eta lurralde bakoitzak bere taldea sortu du behar izan duenean. Célinen kolektiboak beste lurralde batzuekin aliantzak egin ditu, elkarri lagundu ahal izateko. Hala ere, taldeak sortzean edo jendea biltzean, kideen nortasuna eta segurtasun digitala zaintzen dituzte, militanteak baitira lehenik. Ondoren, mezu plataformetan antolatzen dira, eta ,anifestaldietarako egutegiak osatzen saiatzen. Manifestaldi batera joateko prest diren boluntarioak elkartu, eta taldea osatzen dute.
Azken urteetan, poliziaren errepresioak haiei ere eragin die. Célinen arabera, 2021-2022an, pandemiaren ondoren, egoera aldatu egin zen: poliziak beste militanteen pareko bezala ikusten hasi da. Geroztik, militanteen aurkako errepresioak Street Medic-ak ere jotzen ditu. Lehen, haien estatusak nolabaiteko babesa ematen zien; orain, Célinek zalantza du babes hori mantentzen ote den. Haren lagun asko jo edo lurrera botatzen dituzte manifestaldietan. Berari ere duela gutxi gertatu zaio: “lurrera bota ninduten, besoan banda berde fluoreszentea nuelarik, argi eta garbi ikus zitekeena”. Horrek ez zituen gelditu.
ZADetan ere zailtasunak izaten dituzte. Landa eremuan Manifestaldi handiak antolatzen direnean, Frantzia osoko jendeari bertaratzeko deia eginez, prefetaren aginduen ondorioz, poliziak kontrolak egiten ditu. Agindu horiek ohiko gauzak debekatzen dituzte, hala nola lehergailuak eta armak, baina baita babes materiala ere, Célinek azaldu digunez: “Batzuetan, gerrako materialtzat jotzen dute, eta konfiskatu egiten dute”.