Gobernantza parte hartzailea aurkeztu berri du Peio Etxeleku Kanboko auzapezak. Hamar lan batzordek eta hiru komisiok osatuko dute. Helburua dute 100 bat herritar baino gehiagok baikorki erantzunen dutela ekainaren 14ra arte iraunen duen deialdiari.
Gobernantza parte hartzailea
Diru egoera txarrean dela Kanboko herria adierazi du Peio Etxeleku auzapez berriak. Urte bateko irabaziekin ordaintzen baziren zorrak 2020an, zortzi urte eta erdi behar ziren 2025ean zorren gainditzeko. Horiei 3 milioi euroko zor gehitzen zaizkie 2026an, iragan kargualdian abiatu proiektuen diruztatzeko.
Hala ere kostu guti duen gobernantza parte hartzailea aurkeztu du. Hamar lan batzorde sortuko dituzte, bi heren hautetsiek osaturik eta heren bat herritarrek. Hortarako 120 bat herritarren atzemaiteko deialdia luzatzen dute. Parte hartzeko ekainaren 14ko epea da. Xehetasunak Kanboko herriko etxearen webgunean.
Negoziazioek geldiaraziko ote dute Marieniako bizitegi proiektua ?
Orain arte, auzitegiko erabaki guziek proiektuaren aldekoei arrazoi eman badiete ere, azken errekurtso baten deliberoaren beha daude. Anartean, Marienia etxebizitza proiektuaren geldiarazteko xedez ari direla herriko etxearekin erran digu Peio Etxeleku Kanboko auzapezak. Bouygues promotorea, Office 64, laborantzako erakunde eta elkarteak baita jabeekin mintzatu direla gehitu du eta belarri irekiak kausitu dituztela parean iduritzen zaio Peio Etxelekuri.