Hazparnekoa denik ez zaio erran behar Elizaberriko musikari-kantariari. Antton Larrandaburu bere lagunak parte hartu badu, osoki bakarrik egin du disko berri hau Beñadin Lohiaguek. Libroki zabaltzeko ekoizpen etxe bat ere sortu du: Marmau produkzioak
Islaia, Falta, Lulu Smack edo Zoo taldean musika jo du eta kantatu musikariak. Jean Mixel Bedaxagarrekin ere kantatu izan du. Musikari anitza, baina bere estiloa eta filosofia duena kulturari buruz. Azaro hastapen honetan Tuaxa, bakarlari proiektu berria bidean eman du. Zazpi kantu berri sortu ditu, osasun arrangura baten ondorioz gelditurik egon ondotik. Trilogia bat izanen den seria honen lehen diskoa da, ondokoek "tuaxa" hitzaren sinonimo baten izena har dezakete. Beñadin Lohiaguek aitortu digu eszenari lehenesten diola estudioko "sukaldaritza". Urririk entzuten eta eskuratzen ahal duzue Tuaxaren lehen disko hau, Bandcamp edo Soundcloud plataformetan.