Turismo sasoina usaian baino berantago hasi da aurten

Kostaldean ala barnealdean, turismo bulegoen zenbakiek diote turismo maila azken urteetan baino apalagoa izan dela uztailean. Arrazoi desberdinak ukan ditzake: aroa, turisten gustuen aldaketa bat… Beranta harrapatzea zaila izanen da agorrilean.

Turismo sasoina usaian baino berantago hasi da aurten
Azken urteetan baino berantago hasi da turismo sasoina. EUSKAL IRRATIAK.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/08/05 11:25

Kausa desberdinak dituen apaltzea

Turismo sasoia uztailetik hasten da, puntu gorena, aldiz uztailaren 21etik agorrilaren 20ra izan ohi da. Aurten, baina, kanpalekuak agorrila arte ez dira beteak izan, aldaketa baten seinale. Hendaiako turismo bulegoko zuzendari den Jean Sebastien Haltyk fenomeno desberdinak ezarri ditu kausan; talasoterapia zerratua dela, egoera nazional-internazionala ez dela bikaina… Hoteletako erreserbatze kopurua gora badoa ere, hiriko aktibitate turistikoa apaldu da; egunean bi mila turista guttiago kontatzen dituzte, hiriaren posibilitatea hamar milakoa delarik.

Aroak eragina du fenomenoan. Uztaila biziki beroa izan da, ondorioz, kanpoko aktibitateak abantailatuak izan dira. Elorri Berthou Garazi-Baigorriko turismo bulegoetako langileak ikusten du jendea azken momentuan eta aroaren arabera mugitzen dela, eta mendiko ateraldiek dutela arrakasta gehien. Bero horrekin, jendeak nahiago du mendian edo hondartzan egon, hiriak bisitatzen baino.

Bestalde, Gironan eta Landesetan izandako suteek ere eragina ukan dute jendeen bakantzetan, eta horrek esplika lezake kopuruaren apaltzea. Azkenik, Elorri Berthouk arrazoi ekonomikoak aipatu ditu; ezantzaren prezioa dela eta, kontsumitzeko manerak aldatu dira.

Nola harrapatu beranta?

Uztaileko negozio zenbakiak ez dira errazki harrapatzen ahalko, Jean Sebastien Haltyren arabera. Agorrilean euria behar litzateke, jakinez uztailean 5 egun euritsu edo tapatu baizik ez direla izan. Horrek barneko aktibitateen suspertze bat sortuko luke. Hala ere, jakin behar da agorrilean turismoak kasik %100 lortzen duela kostaldean, eta ezin dela ainitzez gehiago egin. Haatik, turismo bulegoek ondoko hilabeteengan kontatzen dute beranta harrapatzeko.

Barnealdean turismo gehiago

Elkargoaren turismo planean sartzen da barnealdeko turismoa indartzea. Estrategia emaitzak ekartzen hasia da, Elorri Berthouren ustez. Turismo bulego ttipietan jende gehiago izan da azken urteetan. Jendeak leku lasaiak gehiago bilatzen ditu. Bide beretik, autobus lineek arrakasta dute, besteak beste Iratira abian den zerbitzuak.

Aktibitate gisa, leku ezezagunak aipatzen entseatzen dira: bero delarik Iratiko oihana, etxaldeen bisitak (Aldudeko ibarrean, Garazi inguruan), gastronomia bisitak… Haurrentzat Garaziko trinketean pilota iniziazioa proposatua da, eta baita terra-aventura ibilaldiak ere.

Interesgarri izanen zaizu