Txirrind’Ola elkarteak hautagaiei “lurralde txirrindulari” baten aldeko konpromisoa hartzeko eskatu die, eta hautagaien proposamenen gardentasuna adierazteko galdetegi bat banatu diete.
Txirrind’Ola elkarteak, herriko eta elkargo mailako hauteskundeen harira, hautagaiei “lurralde txirrindulari” baten alde agertzera gomitatu die. Bizikletaren alde lan egiten duen elkarteak oroitarazi duenez, BAM inguruan eguneroko joan-etorri gehienak distantzia laburretan egiten dira, baina autoa da oraindik nagusi. Elkarteak azaldu duenez, helburua da gaur egun bizikleta erabiltzen ez dutenek ere horretarako aukera izatea, trabak kenduz, ibilbideen jarraitutasuna bermatuz eta eguneroko desplazamenduak benetan irisgarri eginez. Horren adibide gisa aurkeztu dute REVE Bizikleta Sarearen mapa; Baiona, Angelu eta Miarritze, baita auzoak eta inguruko herriak ere, lotuko lituzkeen sare jarraitu eta segurua irudikatzen du.
Bestalde, hautagai-zerrendei galdeketa bat igorri diete beren proposamenak argitzeko. Besteak beste, galdetu diete ea Euskal Hirigune Elkargoak izenpetutako hitzarmenei eutsiko dieten eta oinezkoentzako zein bizikletentzako eremu bereiziak eginen dituzten. Txirrind’Olako kideek azpimarratu dute jasotako erantzunak publiko eginen dituztela. Informazio gehiago hemen.