Asteburu honetan ospatuko dira Hazparneko eta D. Lohitzuneko bestak, udako lehen hitzordu handiak

Uda ate joka dugu, eta harekin batera heldu dira udako lehen herri bestak, tartean Hazparneko eta Donibane Lohizuneko bestak. Egun guziz animazio eta hitzordu ugari izanen dira bi herrietan.

Asteburu honetan ospatuko dira Hazparneko eta D. Lohitzuneko bestak, udako lehen hitzordu handiak
Donibane Lohitzuneko karrikak gorri eta beltzez jantziko dira asteburu honetan. D. LOHITZUNEKO TURISMO BULEGOA
Esteban Bastié Aguerre
2026/06/17 07:00

Usaian bezala, ekainaren erdian ospatzen dira lehen hitzordu handiak, tartean Hazparneko eta Donibane Lohizuneko bestak. Asteburu honetan iraganen dira bi herrietako bestak: Hazparnen ekainaren 19tik 22ra, eta Donibane Lohizunen 18tik 22ra.

Egun guziz animazio eta hitzordu ugari izanen dira bi herrietan. Hazparnen, larunbat arratsean, 20:00etan, Xuriatearen aitzinean kontzertua eskainiko da, eta 22:00etatik goiti, karpan segida hartuko dute Xibalet txarangak, Xiberoots taldeak, Xabi Solanok eta Holako Deluxe taldeak.

Donibane Lohizunen ere, gorri eta beltzez jantziko dira karrikak. Larunbat arratsean, 20:00etatik goiti, Ramiro Arrue plazako Gaztetxearen gunean Kode eta Pangea Pop taldeen kontzertuak izanen dira, baita DJ saioak ere. Horiez gain, beste hainbat animazio ere eskainiko dira. Aurten ere jendetza handia espero denez, hainbat autobus linea —horien artean Txik Txak sareko 4, 16, 17 eta 18 lineak, baita 45 eta 46 lineak ere— goizeko 3:00ak arte ibiliko dira. Jakin, halaber, erasoen aurkako Angela babeslekuak izanen direla Le Boka, Martxuka, Denen Kanttua, Le Madison eta La Taverne Basque ostatuetan. Segurtasun plana ere ezarriko da, hiri zentroko hainbat gune oinezkoentzat bihurtuz eta ibilgailuen zirkulazioa mugatuz, denen segurtasuna bermatzeko.

Programa osoak Hazparne eta Donibane Lohitzuneko herriko etxeen webguneetan atzemanen dituzue.

Interesgarri izanen zaizu