Hendaia (Lapurdi)

Uda betean adi eta prest dira sorosleak, uztaila lasaia izan den arren

Uda betean, hondartzetako sorosleak lanaldiaren gorenean dira. Physalia marmokaren ondorioak ezberdinak dira hondartzatik hondartzara, baina ez dira, oro har, bertze urte batzuetan bezain gaitzak.

Uda betean adi eta prest dira sorosleak, uztaila lasaia izan den arren
Hendaiako Dunbarrietako sokorri postuan hamar sorosle inguru aritzen dira momentu oro udan. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/07/31 11:20

Uztaila bukatzekotan den honetan, uda lasaia izan dute orain arte Hendaiako sokorritzaileek. Maddi Berasategi eta Garazi Almandoz Hondarraitz hondartzako bi sokorri postuetako batean ari dira, eta turista gutxiagorekin eta itotzerik edo istripu larririk gabe pasa dute uztaila.

Physalia izeneko marmoken ondorioz, aldiz, hainbat aldiz artatu behar izan dituzte bainulariak hondartza ezberdinetan. Hendaian aldiz, gutxi izan dituzte. Azaldu dutenez, uraren tenperatura altuaren beharraz gain, ez da bertze berezitasunik Physalia edo karabela portugesa agertzeko, eta hartaz, faktore aski aleatorioek eragiten dute hondartza batera edo bertzera joatea. Aurten, momentuz, Hendaian ez dira asko agertu. Hala ere, egunero zaintzen dute ura, urera sartuz nahiz bazterrean ibiliz, marmokarik agertuko balitz beharrezko neurriak hartzeko.

Garazi Almandoz eta Maddi Berasategi SDIS suhiltzaileen zerbitzuko kideak dira. ANTXETA IRRATIA

Izan ere, sorosleek eta sokorri postuko buruak postua irekitzeko momentuan, baina baita egunean zehar ere erabakitzen dute zer bandera altxa, eta zer zaintza protokolo ezarri. Hendaian, Dunbarrietako sokorri postuan nehoiz ez dute bandera berdea altxatzen, arrokak baitira haien eremuan eta horrek berariazko arriskua baitakar. Baina olatuen egoera, marmoken presentzia edo uraren kalitateak baldintzatzen dute, bertzeak bertze, oihalaren kolorea.

Hain zuzen ere, uraren kalitatea egunean behin neurtzen dute gutxienez Lapurdiko hondartzetan. Elkarte bat arduratzen da horretaz, eta Garazi Almandoz sorosleak azaldu duenez, fite jasotzen dituzte emaitzak, lagina hartu ordubete ingurura, Herriko Etxearen bidez. Goizeko emaitza ona izanez gero, ez da neurri berezirik hartzen ez eta neurketa gehigarririk egiten. Aldiz, txarra izanez gero, hondartza ixtea ekarri lezake, eta egun erdian bigarren lagin bat hartuko luke elkarteak.


Tenperatura beroekin kasu egiteko deia ere egin dute sorosleek: ahal dela itzala lortu, eta behar bezain bertze hidratatu. Hendaian ez dute berotearen ondorioz lan kargaren areagotzerik sumatu, ez eta Frantziako hainbat hondartzetan gertatu den bezala itotzerik izan ere. Edonola ere, bainatzera doazenei zainduak diren guneetan bainatzeko deia egin diete sorosleek, eta surf eremuak dituzten hondartzen kasuetan, horiek errespetatzeko eta arriskurik ez hartzeko eskatu.

Interesgarri izanen zaizu